Eguzkia partekatuz, herria elikatzen
2025-12-02
Ikastolak, Udalarekin elkarlanean, energia berriztagarriaren aldeko urrats sendoa egin du eta eguzki-plakak instalatzen hasi da kiroldegiko teilatuan. Eguzkiaren indarra gure eskuetan jarri eta herriari itzultzea: hori da proiektu honen taupada.
Ikastolak Azpeitiko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu du energia berriztagarri bidezko autokontsumo partekatua bultzatzeko. Hitzarmen horren barruan, ikastolak kiroldegiko estalkian eguzki-plakak instalatzeko proiektua dago.
Instalazio lanak dagoeneko martxan dira, eta proiektuaren finantziazioa Next Programaren bidez, baita Azpeitiko Udalaren babesarekin, gauzatu da.
Energia ekoizpenari dagokionez, aurreikusita dago ikastolak soberakin energetikoa izango duela ikas-jarduerarik ez dagoen garaietan. Soberakin hori herriaren mesedetan jartzeko konpromisoa hartu du Ikastolak, eta berau beste eraikin publiko batzuetara bideratuko da.
Etorkizunera begira, Ikastolak asmoa du eguzki-instalazio hau ikas komunitatearekin lantzeko: horretarako, informazio eta ikaskuntza sustatzeko panel didaktikoak jarriko dira, energia berriztagarrien inguruko ezagutza eta kontzientzia areagotzeko ikasleen artean.