Jakintzaren menua: elikadura, gorputza eta elkarlana

2025-12-19

L.H. 2ko ikasleek elikadura osasuntsua eta digestio prozesua sakondu dute ikastetxean garatutako proiektu baten bidez. Jarduera honen helburua ohitura osasungarrien garrantzia ulertzea izan da, ikaskuntza aktiboan eta esperientzian oinarrituta.

Proiektua talde kohesiorako jarduerekin hasi zuten, elkar ezagutza eta talde giro ona sustatzeko. Ondoren, elikagaien piramidea aztertu dute, digestio prozesua landu dute eta hainbat jarduera sortzaile egin dituzte, hala nola aurpegiaren beste erdia marraztea (simetriaren lanketa) eta horma-irudiak sortzea.

Amaiera gisa, ikasleek taldeka menu osasuntsu bat pentsatu eta antolatu dute. Zereginak banatu dituzte, bakoitzak bere ardura hartuz, eta elkarlanaren fruitu gisa bazkari eder batekin eman diote amaiera proiektuari.

Ekimen hau LORE proiektuaren baitan kokatzen da. Proiektu honen bidez, ikas-irakaskuntza prozesua modu egokian garatzea bilatzen da, motibazioa sustatuz eta ikasleen interesetatik abiatuz. Arazo egoerak eta testuinguru errealak oinarri hartuta, ikasleentzat erronka diren proiektu propioak lantzen dira.

Lan guztiak talde kooperatiboetan garatzen dira, ikaskidetza bultzatuz: helburu komun bat identifikatuz, elkar menpekotasun positiboa landuz, bakarkako konpromisoa hartuz eta aurrez aurreko komunikazioa indartuz. Esperientzia aberasgarri honen bidez, ikasleek ezagutza akademikoak ez ezik, bizitzarako funtsezko balioak ere garatu dituzte.