Hedatu egitasmoa martxan

2022-02-15

Ikastolak UEMAren Hedatu proiektua abian jarri du, euskararen erabilera eta kontsumoa sustatzeko.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) euskararen erabateko normalizazioa eta herritarren sentsibilizazioa ditu helburu, eta horretarako, arloz arloko egitasmoak ditu garatuta. Hezkuntzari begira,  Hedatu proiektuaren bidez lantzen ditu UEMAk guraso, irakasle eta ikasleen euskararekiko sentsibilizazioa eta ahalduntzea, xede nagusia euskararen tinkotzea delarik. Euskal Herri mailan, euskararen erabilerari dagokionez, zantzu guztien arabera erabilera jaitsiera aurreikusten da (nahiz eta datu berriak apirilean jakingo diren), bereziki haur eta nerabeetan. Azpeitian ere horrelako zantzuak sumatzen ari gara, eta adi egoteko garaiak direla ohartarazi digute herri mailan sortu berri den hezkuntza mahaitik, zein UEMAtik.

Hau honela, Ikastolak Hedatu egitasmoa martxan jartzea erabaki du, gure-gurea dugun euskararen erabilerak tinko jarrai dezan gurekin. Bide horretan, Ikastolako etapa guztietako irakasleek formazioa jaso dute UEMAko teknikarien eskutik. Formazio hori, ikasleengana eta gurasoengana zabaltzea izango da hurrengo urratsa. Ikasleei begirako plana sortzean jarri du fokua Ikastolak; hau honela, Hedatu egitasmoak etapaz etapa eskaintzen dituen unitate didaktikoak eta UEMAko teknikarien aurrez aurreko saioak planifikatzea eta gauzatzea da jomuga. Hurrengo apustua, gurasoei begirako eskaintza zehaztea izango da. Honetan dihardugu, euskara helburu.