Aitziber Salegi (gurasoa eta Hedatzen laguntzailea): Gurasook ikastolako ekimenetan aktiboki parte hartu behar genukeela uste dut, gure seme alaben etorkizuna eraikitzen ari baikara
Ikastolako hezkuntza proiektuaren barruan, Hedatzeko zaletasun tailerrak ezinbesteko osagaia dira, nerabeei beren interesak lantzeko, trebetasun berriak garatzeko eta aisialdia modu aberasgarri batean bizitzeko aukera ematen baitiete. Baina ekimen hauek ez lirateke posible izango gurasoen inplikazio eta eskuzabaltasunik gabe. Horren adibide argia da jostungintzako tailerra, azken hiru urteetan Aitziber Salegiren gidaritzapean aurrera eraman dena. Gaurko elkarrizketan, Aitziberrek bere esperientzia partekatzen du gurekin: zer ekarpen egin dion tailerrak ikasleei, zer jaso duen berak bidean, eta zergatik den gurasoen ekarpena hain funtsezkoa ikastolako eguneroko bizitzan.
- Zure ustez, zer garrantzi du Hedatze proiektuaren barruan zaletasun tailer batek, hala nola jostungintzak, ikasleen garapen pertsonal eta akademikoan?
Arlo pertsonalean, garrantzi handia duela esango nuke. Jostungintzako saioa ez da derrigorrezko ikasgaia, norberak edo lagun artean hautatua izan ohi da. Beraz esango nuke, ekintzak gustorago eta gogoz egiten direla eta ikasteko nahia dutela. Ikasteko prozesuan sortzen diren erronka eta oztopo horiek gainditzean norberarengan konfiantza irabazten da. Jonstungintzan bakoitzaren nortasuna izaten dute sortzen dituzten lanek eta horrek egiten ditu berezi eta aldi berean eder. Ni ez naiz gai horretan aditua baina arlo akademikoan ikasi duten teoria praktikan jartzeko aukera dutela esango nuke eta nolabait erabilera praktikoa eman. Azken finean, egiten duten lan bakoitza proiektu bat da: ideia batetik abiatu eta sortuko duten lana aukeratu, neurri eta kalkulu matetamikoak erabiliz taila eta neurriak egokitu, diseinua eta patroiak marraztu, materiala eta tresnak hautatu eta lana martxan jarri, prozesuan sortzen zaizkien zailtasunak gaindituz. Guzti horretatik aterako da proiektuaren emaitza.
- Jostungintza tailerrean parte hartzen duten ikasleek zer ikaskuntza edo trebetasun lantzen dituztela uste duzu, ikasgai formaletatik haratago?
Proiektuak bakarkako lanak badira ere, taldean egiten ditugu, sortzen diren zailtasun, ezusteko eta arazoak partekatu eta elkarri lagunduz konponbidea emanez.
Frustrazioa ere oso ohikoa da hasieran, ezagutzen edo menperatzen ez dituzten teknika berrietan, baina bereala trebatzen dira eta gainditzen dituzte. Nik uste bereziki jostungintzan patxada eta pazientzia bertute handiak direla eta nola ez kostantzia.
- Nola laguntzen du halako tailer batek ikasleen motibazioa, konfiantza eta autoestimua indartzen?
Motibatzeko, egingo duten lan hori erakargarri suertatu behar zaie eta beraientzat edo ingurukoentzat baliagarri izango dutela jakiteak asko laguntzen die. Kurtso honetako lehen lana adibidez, baserritar jantziarentzako tokila izan da. Gantxiloa erabili dugu horretarako eta ehuntze modu hori bakarren batzuk bazekiten ere, beste batzuentzat lehen aldia izan da. Lehen bi saiotan menperatua zuten oinarrizko puntua eta hurrengo saioetan zailtasun eta puntu desberdinak ikasiz, lan polita egiteko gai direla ikustean konfiantza irabazten joan dira eta proiektua gauzatzeko gaitasuna sentitzean autoestima indartzen dela uste dut.
- Ikasle etorri berrientzat edo zailtasunak dituzten ikasleentzat, zer ekarpen egin dezake jarduera praktiko eta sortzaile batek, hala nola tailer honek?
Adin eta talde desberdinetako kideak daude saio hauetan, eta nahiz eta ikastolatik elkar ezagutu, jostungintzak elkartzen ditu astero pare bat orduz. Tailerrean beraiek nahi dutenaz hitz egiteko aukera izaten dute, bai nirekin edo elkarren artean. Eguneko gertaera, kezka edo pasarteak izaten dituzte hizpide, beraz ikasle etorri berriek gainontzekoekin harremanak sortzeko balio dezake. Jostungintza nolabait guztientzat da berria eta ikasten ari dira guztiek izango dituzten zailtasun horiek elkarrekin gainditu ditzaketela. Aurrez aipatu dudan moduan, ikasgaiak modu praktikoan lantzen dira eta bertan egiten ditugun proiektuak ez dira kalifikatzen (hau da, ez dute nota edo baloraziorik jasotzen). Horrela, egiten dituzten lan guztiek dute balio eta esanahi berezia niretzat, bakoitzak bere itukua jarriko baitio egindako lanari.
- Zure esperientziatik abiatuta, zer balio du gurasoen inplikazioak ikastolako proiektuetan, eta zer ekarpen berezia egiten dio ikastolako komunitateari?
Ikastolak gurasoek sortuak dira, eta betidanik izan dute izugarrizko garrantzia gurasoen ekarpenek, parte hartzeak, bai lan talde desberdinetan, bai eraldaketa prozesuetan eta, nola ez, gure seme alababei eman nahi diegun heziketa mota hautatzerakoan. Hezitzaile eta irakasleek egiten duten lanaz gain, uste dut guraso edo etxekoengandik ere asko izan dezakegula trasmititzeko eta emateko, ditugun afizio, ofizio eta bitxikeriak eskainiz, bakoitzak bere mailan ekarpenak eginez. Izan ere, eginiko lan hauetan jakitun naiz amona batzuek ere partekatu eta lagundu izan dutela. Gurasook ikastolako ekimenetan aktiboki parte hartu behar genukeela uste dut, gure seme alaben etorkizuna eraikitzen ari baikara.
- Zer mezu edo gomendio emango zenioke beste guraso batzuei beren zaletasunak edo ezagutzak ikastolaren esku jartzera animatzeko?
Esperientzia oso polita izan dut nik hiru urte hauetan. Uste dut jostungintzaz irakatsi ahal diedanaz gain, zaletasunak sortzean gaur egun bizi dugun mundo digitari eskeiniko dioten denbora gutxitzeko alternatibak eskaintzen direla eta horretarako gure denbora eskaini behar diegula, momentuak partekatuz, motibatuz, elkarrekin biziz…
Inolako zalantzarik gabe gurasoak animatuko nituzke Hedatzeko zaletasun tailerren esperientzia bizi eta beraietan parte hartzera.