Baxoa euskaraz manifestaldia Baionan

22 urtarrila , 2026 | Oharrak

Euskararen aldeko borrokan une erabakigarrian gaude. Baxoa (Frantziar estatuko unibertsitaterako sarbide proba) euskaraz egiteko eskubidea arriskuan dago, eta mobilizatzea ezinbestekoa da.

Duela gutxi Parisen egindako bileran, Hezkuntza Ministerioak ez du aurrerapausorik eman Baxoa euskaraz egiteko eskaeran. Are gehiago, orain arte euskaraz egin diren atal batzuk ere kolokan jarri dituzte, Matematika azterketa frantsesez eginarazi nahi baitute. Atzerapauso onartezina da, zuzentzaile elebidunak izendatzea nahikoa litzatekeelako.

Egoera hau ez da isolatua:

  • Euskararen aurkako erasoak ugaritzen ari dira
  • Euskal erakundeen aurrekontuak murrizteko mehatxua dago
  • Epaitegietan euskaraz aritzeko debekuak mantentzen dira
  • Euskara oraindik ez da ofiziala

Horregatik, isilik gelditzea atzera egitea litzateke. Gure seme-alaben hizkuntza eskubideak eta euskarazko ibilbide osoa defendatzeko, kalera atera behar dugu.

Manifestaziorako deia

  • Eguna: larunbata, urtarrilak 24
  • Ordua: 15:00
  • Lekua: Baiona, Xaho Kaia

Ikastolen komunitateko kide guztiak —gurasoak, ikasleak, irakasleak eta laguntzaileak— deituak gaude bertan parte hartzera.

Mezu argia eramango dugu kalera:

Baxoa euskaraz, orain. Ez dugu atzerapausorik onartuko, ezta etorkizun lausoetara atzeratutako promesik ere.

Zuen presentzia ezinbestekoa da. Denon artean, hitza hitz dela gogorarazteko!