Errigora: eskutik eskura egiten dugu herria. Egin zure eskaera (Martxoak 18ra arte)
Gaur, otsailaren 26an, jarri da martxan Errigoraren udaberriko kanpaina, eta aurtengoan, leloak berak dioen bezala: “Eskutik eskura egiten dugu herria”.
Euskara Nafarroa hego eta erdialdeko herrietan sustraitu eta loratu dadin, ezinbestekoak dira tokiko ikastolak, AEK, Sortzen eta Agerraldia bezalako eragileak. Eta zuek ere bai, zuen ekarpen txikiak eragin handia duelako.
Zergatik parte hartu?
Zuhaitz baten modukoa da euskalgintza Agerrean:
- Ikastolak dira sustraiak, gure haurrei lehen hitzak euskaraz ematen dizkietenak.
- AEK da enbor sendoa, helduei euskara bizitzeko aukera ematen diena.
- Sortzen eta Agerraldia dira adarrak eta hostoak, euskarak hegan egin dezan kiroletan, aisialdian, kalean…
Salmentaren %25 zuzenean bideratuko da ikastola eta euskalgintza proiektuetara, gure seme-alabei bide sendo bat zabaltzeko.
Zuen ekarpenarekin:
- Argia Ikastola (Fontellas) eta beste hainbat ikastola lagunduko ditugu.
- AEK-ko ikasleek “Errigora bekari” esker matrikula merkeagoa izango dute.
- Faltzesen, Tuteran edo Mendigorrian bezalako herrietan euskarak espazio berriak irabaziko ditu.
Eta bide batez, bertako produktuak kontsumituko ditugu: 22 ekoizleren lanarekin osatutako saskiak, elikadura burujabetzaren alde.
Gurasook badakigu zein garrantzitsua den gure haurrek euskaraz bizitzea, ez soilik eskolan, baita eskolatik kanpo ere. Zuen ekarpen txikiak ekosistema oso bat indartzen du.
Eman pausoa, bat egin elkartasun sarearekin.
Erosi Errigorako saskia eta egin zure ekarpena euskararen etorkizunerako. Ikusi bideoa hemen.
ESKAERA: Eskaera egiteko sartu webgunean edo eskuorria eskatu ikastolan. Epea martxoaren 18an amaitzen da.
IKASTOLAN JASOTZEKO ERRIGORA webgunean eskaera egitean aukeratu BANAKETA GUNEAN gure Ikastolaren izena. Maiatzaren 11tik aurrera jaso ahalko dira eskaerak ikastolan.
Euskarari puzka bat ematea, gure seme-alaben biharko mundua eraikitzea da.

