Loreetatik ukendu magikoetara: San Jose ohitura bizirik
2026-03-18
Ikastolako HH3-6 urteko ikasleek azken asteotan jarduera berezi bat burutu dute: San Jose eguna ospatzeko, loreak biltzen eta ukendu tradizionala prestatzeko aukera izan dute. Jarduera honek Euskal Mitologiaren eta gure arbasoen medikuntza-ohituren ezagutza ekimen praktikoarekin uztartu ditu, eta ikasleek esperientzia paregabea bizi izan dute ikastolako gurasoa den Susanaren laguntzarekin.


Azken asteotan, ikastolako HH3-6 urte bitarteko ikasleek jarduera berezi batean parte hartu dute, San Jose eguna ospatzeko prestaketetan. Ikasleek “San Jose loreak” biltzen aritu dira ikastola inguruan egindako ibilalditxoetan, eta zenbaitek, gainera, gurasoen laguntzarekin ere jaso dituzte, ondoren ikastolara ekarriz.
Behin loreak lehortuta, ukendua egiteko prozesuari ekin zioten. Horretarako, Susana ikastolako gurasoaren laguntza eta gidaritza izan dute. Berari esker, bi eguneko prozesu aberasgarri baten bidez, HH5eko ikasleek pausoz pauso ikasi dute nola prestatu San Jose ukendua. Azkenean, bakoitzak bere ukendu potetxoa etxera eramateko aukera izan du, eta ikastolan ere batzuk banatu dira.
Prestatu duten ukendua kolpeak arintzeko erabiltzen da, eta oso eraginkorra dela diote. Jarduera honek, gainera, lotura zuzena izan du gelan lantzen ari diren Euskal Mitologiaren gaiarekin; izan ere, ikasleek gure arbasoen sendatzeko ohiturak ezagutzeko aukera izan dute, sendabelarren eta ukenduen onurak bertatik bertara esperimentatuz.
Ikastolak eskerrak eman nahi dizkio bereziki Susanari, eskainitako denboragatik, ezagutzagatik eta ikasleei bizipen aberasgarri hau gerturatzeko egindako ekarpenagatik.