Xabier Gantzarain: Ikastolak ezinbestekoak izan ziren eta ezinbestekoak dira orain ere, bai Irunberrin, bai Ortzaizen eta bai Azpeitian
Euskararen aldeko mugimendu bizienetariko bat martxan da berriro ere: Korrika. Aurtengoan 24. edizioa ospatzen ari da, eta, ohi bezala, herriz herri eta bihotzez bihotz zabalduko du euskararen aldeko mezua. Edizio honek, gainera, berezitasun nabarmena dakar: Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortutako unitate didaktikoak, euskararen transmisioan eta hezkuntzan urrats sendoak emateko helburuarekin.
Ikastolaren komunitatea, urteetan zehar, euskalgintzan ekarpen handiak egin dituen pertsona askok osatzen dute. Horietako bat da gaur gurekin dugun gonbidatua: Xabier Gantzarain. Ikastolako guraso eta Artezkaritzako kide izateaz gain, euskal idazle eta arte kritikari ezaguna da, hainbat komunikabidetan kolaboratzaile eta liburu-azal askoren sortzaile ere bai.
Korrikaren testuinguruan eta euskararen inguruko gogoetak partekatzeko, gaur Xabier Gantzarain elkarrizketatzeko aukera izan dugu.
- Korrika beti izan da euskararen aldeko mobilizazio handia. Zer esanahi du zuretzat Korrikak, pertsonalki eta Azpeitiko euskalgintzaren ikuspegitik?
Herri bat badela sentitzeko hamar egun, ia bi urtean behin bakarrik sentitzen dena. Gure hizkuntza ez dela galduko sinisteko tarte labur bat, bagarela nor, bizirik gaudela. Euskaldun orok bizi du pozik Korrika, euskaldun oro baikara euskalgintza, bakoitza bere modura.
- Azpeitia askotan aipatzen da euskararen aldeko herri aktibo gisa. Zein izan dira zure ustez azken urteetako lorpen edo mugarri nagusiak?
Galanta da azkoitiarra izanda azpeitiarren lorpenak aletzen hastea, baina esango nuke herria egiten duten norbanako, elkarte, eragile eta erakundeak norabide berean lanean jartzea izan dela azpeitiarren lorpenik handiena, eta urte luzez egindako lanaren emaitza dela orain dakusaguna, bere itzal guztiekin ere gauza handia dena.
- Ikastolak historikoki funtsezkoak izan dira euskararen biziberritzean. Nola baloratzen duzu ikastolen mugimenduak Azpeitian egin duen lana?
Ikastolak ezinbestekoak izan ziren eta ezinbestekoak dira orain ere, bai Irunberrin, bai Ortzaizen eta bai Azpeitian. Nazio ikuspegirik gabe hizkuntzak ez dauka zuztarrik, ez dauka nondik elikatu. Eta, aldi berean, hizkuntza bera da euskaldun jendearen zuztarra.
- Zer ekarpen egiten dute ikastolek, zure ustez, eskolatik haratago, herriko euskararen erabilera indartzeko?
Euskaraz bizitzearen ederra posible egiten dute ikastolek, eta hori da bere eguneroko ekarpenaren muina. Horrez gain, herriko hainbat dinamikatan parte hartzen dute, eta esango nuke laguntzen dutela euskararen sua piztuta mantentzen bazter guztietan.
- Gurasoen inplikazioa ere oso garrantzitsua izaten da ikastoletan. Nola ikusten duzu gurasoen papera euskararen transmisioan eta erabileran?
Behar-beharrezkoa da gurasoen inplikazioa. Euskararen transmisioan etxea da oinarria, eta gero dator beste guztia. Ezin dugu gainera dena besteren esku utzi, konfiantzarik handiena edukita ere.
- Azpeitian euskalgintza sare zabala dago: eragileak, kultur taldeak, hezkuntza komunitatea… Nola lortu da elkarlan hori?
Badago ni baino hoberik horri erantzuteko, baina esango nuke, arestian aipatu bezala, norabide bat adostea eta ezartzea izan zela gakoa, garbi izatea zer nahi eta behar zuen herriak.
- Zein erronka ikusten dituzu gaur egun, gazteen artean euskararen erabilera indartzeko?
Mundua ez zaio euskaraz mintzo gazteari pantailatik, eta tresna gutxi daukagu horren aurrean. Euskaldun izatearen kontzientzia argi izatea lortuko bagenu sikiera…
- Digitalizazioaren eta sare sozialen garaian, nola egokitu behar du euskalgintzak?
Beharbada bestelako sare sozialak bultzatu behar genituzke euskaldunok, sare sozial fisikoak, Korrika bezalakoak: ikus dezakezu youtuben, eta oso ondo dago, baina oso bestelakoa da jendearekin batera korrika egitea kalean euskararen alde, arnasestuka baina arnasberrituta.
- Zein izan beharko litzateke ikastolen rola datozen urteetan euskararen biziberritzean?
Orain arteko bideari eutsi behar diote ikastolek. Sedukzioa eta norbanakoaren desioa aldarrikatzen dituzten politiken aurrean, gatazka eta politizazioa behar ditugu. Izan ere, nonbaiten irakurri dudan bezala, euskaraz eta erdaraz hitz egiteak esanahi bera duen egunean mundu guztiak hitz egingo du erdaraz.
- Zer mezu edo gonbita egingo zenieke Azpeitiko herritarrei euskararen aldeko ekimenetan parte hartzeko, batez ere Korrika bezalako ekimenetan?
Ez dut uste inor dagoenik nik gonbita egiteko zain. Seguru nago jendea erruz izango dela Korrikan. Zailtasunak zailtasun, euskaldunok badakigu geuk egiten ez badugu ez duela beste inork egingo. Eta Korrika bi urtean behin izaten da, baina hemen egunero izan nahi dugu euskaldun.