Ikasten den herria, eraikitzen den etorkizuna

2026-04-29

Azken asteotan, Batxilergoko lehen mailako ikasleek hainbat ekimenetan parte hartu dute herriko errealitatea gertutik ezagutzeko helburuarekin. Jarduera horien bidez, herriko hainbat eragileren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

Aurreko astean, esaterako, Azpeitiko Emakumeen Txokora egin zuten bisita. Gune hau hausnarketarako eta ikusgarritasuna sustatzeko topagunea da, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna zein sexu eta genero aniztasuna lantzea du xede. Mugimendu feministaren emaitza izanik, espazio segurua eta konfidentziala eskaintzen du, askotariko jatorri eta kulturako emakume zein LGTBI+ pertsonen ahalduntzea sustatuz. Gainera, erabiltzaileei trebetasunak garatzeko eta laguntza sareak indartzeko baliabide eta aukera ugari eskaintzen dizkie, baita indarkeria matxistari aurre egiteko zerbitzuak ere. Bisitan zehar, ikasleek bertan eskaintzen diren ikastaroak eta zerbitzuak ezagutzeko aukera izan zuten.

Bestalde, Soreasu kultur guneko Dinamoa ere bisitatu dute. Kasu honetan, kultur sormenera hurbiltzea izan da helburua. Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatzen duten Txinaurriak egitasmoaren barruan, irudiaren lanketa egin dute ikasleek, sormenaren bidez adierazteko bideak aztertuz.

Ekimen hauen bidez, ikasleek herriko eragile sozialen eta kulturalen lana gertutik ezagutzeaz gain, ikuspegi kritikoa eta parte-hartze aktiboa sustatzeko aukera izan dute.