2026-05-27

Ekain Iriondo (ikasle ohia eta Hedatzeko irakaslea): Oso baliotsua iruditzen zait bai ikasleentzat eta bai Ikastolarentzat elkarren arteko lotura mantentzea eta proiektuak aurrera eramatea

Ikastolarentzat oso garrantzitsua da ikasle ohiekin harreman estua mantentzea; azken finean, haiek dira etorkizunean ikastolaren sua bizirik mantenduko dutenak. Oraingo honetan, Ekain Iriondorekin izan gara solasean. Duela bi urte ikastola utzi zuen sukaldaritza ikasketetan murgiltzeko, eta ordutik bere ibilbide profesional berria eraikitzen ari da. Hala ere, bide berri horretan ere, ikastolarekin lotura mantentzeko tartea egin du, Hedatzeko sukaldaritza ikastaroaren ardura hartuz. Eskerrak eman nahi dizkiogu Ekaini, bai elkarrizketarako gonbita onartzeagatik eta bai ikastolarekin duen lotura eta konpromisoa bizirik mantentzeagatik.

  1. Noiz eta zenbat urtez egon zinen ikastolan?

Ni 3 urtetekin hasi nintzen, 2011 etik, 2024 arte, 13 urte danera.

  1. Zer oroitzapen dituzu garai hartatik?

Oroitzapen asko ditut, bai onak eta txarrak. Denborarekin begiratuta, esan ahalko nuke asko eta asko onak zirela, bai ondo pasatzen genuelako eta bai asko ikasten genduelako.

  • Zer harreman mantentzen duzu gaur egun ikastolarekin?

Gaur egun, harremana mantentzen dut irakasleekin eta ikasleekin; izan ere, kalean ikusten ditudanean, bai haiek bai nik haiekin hitz egiteko eta denbora partekatzeko aukera hartzen dugu. Bestalde, Ikastolarekin ere harremana mantentzen dut, aurtengo Hedatzeko sukaldaritza ikastaroko irakasle gisa nirekin kontatu dutelako.

  1. Zer sentitzen da ikasle izatetik irakasle edo gidari moduko rol batera pasatzea?

Egia esan, diferentzia handia dago; izan ere, ez da soilik klasera joatea eta esandakoa apuntatzea. Honek antolaketa, seriotasun, errespetu eta diziplina handiagoa eskatzen du. Kontuan hartu behar da gazteen arreta lortzeko azalpenak emateko modurik errazena bilatzen saiatu behar dela.

  1. Nola sortu zen Hedatzeko sukaldaritza ikastaroa emateko aukera?

Batez ere zuzendariaren eta ikasleen interesa gai honengan ez balego, ez litzateke posible izango. Azken finean, antolaketa-lanak haien gain daude. Iñigo zuzendaria nirekin harremanetan jarri zen gero, aurrez aurre hitz egin genuen, eta biok prest geundela adostu genuen.

  1. Zerk animatu zintuen sukaldaritzaren munduan sartzera?

Nire motibazioa sukaldaritza eta pastelgintza ikasteko txikitatik dator, betidanik gustatu izan baitzait etxean pastelgintzan laguntzea. Bizkotxoak, arroz-esnea, natillak eta antzekoak egin behar ziren bakoitzean, ni beti prest egoten nintzen laguntzeko. Gainera, sare sozialetan, batez ere Youtuben, sukaldaritzaren inguruko bideoak ikustea eta ikastea asko gustatzen zitzaidan. Pixkanaka-pixkanaka, gero eta interes handiagoa piztu zitzaidan mundu horrekiko, eta azkenean argi izan nuen hori ikasi nahi nuela.

  1. Zer erakusten duzue ikastaroan? Ikasleen aldetik interes handia dago?

Erakusten dudanaren helburu nagusia da gazteek pastelgintzako oinarrizko printzipio batzuk ikastea, eta ondoren emaitzak —bizkotxoak, pastelak eta gailetak— nola egiten diren eta nola ateratzen diren ikustea.

Lehen eguneko ikastaroan ikusitako edukia sendotzeko, ikasleen partetik interes handia egoten da normalean: batzuek aktiboki parte hartzen dute elaborazioan, eta beste batzuk adi egoten dira pauso guztiak behatzen. Hala ere, beti egoten da interes gutxiago duen norbait ere; kasu horietan, gehiago joaten dira lagunartean egotera eta ondo pasatzera.

  1. Zer gomendatuko zenioke sukaldaritzan hasi nahi duen gazte bati?

Sukaldaritza ikasi nahi duen gazte bati esan diezaiokegu oso lan polita dela, eta Euskal Herrian sukaldari falta handia dagoela. Benetan gustatzen bazaio, animatuko nituzke inguruko hainbat eskolatara bisitak egitera, adibidez Aiala Sukaldaritza Eskola eta Cebanc-era, ate irekietara joan eta bertatik bertara ezagutzera.

Kontra moduan esan dezakedan gauza bakarra da lanbide oso gogorra izan daitekeela: urte osoan zehar lan karga handia egoten dela, asteburuetan ere askotan lan egin behar izaten dela, ordu asko sartzen direla eta udan bereziki lan handia izaten dela. Horregatik, epe luzera nekagarria egin daiteke.

  1. Pozik zaude ikastolarekin lotura mantentzen jarraitzeaz?

Ni neu pozik nago Ikastolarekin harremana mantentzeaz, horrelako proiektuak posible egiten dituztelako eta gazteentzat aberasgarriak direlako. Gustuko dut erabiltzen duten sistema, eta oso baliotsua iruditzen zait bai ikasleentzat eta bai Ikastolarentzat elkarren arteko lotura mantentzea eta proiektuak aurrera eramatea.