Euskaltzaleon Martxa Iruñean (Ekainak 13)
Euskaltzaleon Martxa lelopean, ekainaren 13an Iruñeko kaleak betetzeko mobilizazio jendetsua antolatzen ari dira Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileak.
Izan ere, azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta zailtasun horiei erantsi behar zaie euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat.
Hala ere, antolatzaileak sinetsita daude posible dela euskararen biziberritzeari bultzada ematea, abenduko ekitaldian aldarrikatu zuten bezala, Pizkunde berri bat eragitea, eta horretarako ezinbestekoa dela euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Horretara dator ekainaren 13ko mobilizazioa, euskaltzaleok antolatzera, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzera, Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatzera.
Martxa arratsaldez egingo da. 17:00etan Iruñeko hiru puntu ezberdinetan bilduko dira herritarrak: Antoniutti, Runako Parkea eta Askatasun Enparantza. Puntu hauetatik Iruñeko kaleak harrotasunez beteko dituzten hiru zutabeak abiatuko dira. Zutabeek Gazteluko Plazan bat egingo dute eta bertan egingo da ekitaldi politikoa, amaiera berezi bat emanez.
Mundua euskararen eta euskaldunon aurka datorren honetan, guk euskara dugu munduaren alde.
Euskaltzaleon garaia da!

