Amesten dugun ikastolaren bidea marrazten
2026-06-03
Ikastolak 2026-2030 aldirako Plan Estrategikoa diseinatzeko lehen urratsa eman du, komunitate osoari irekita egindako bilera parte-hartzaile batekin. Prozesu honen helburua datozen lau urteetarako ikastolak amesten duen etorkizuneko eredua irudikatzea eta eraikitzea da, hezkuntza-komunitate osoaren ekarpenak jasoz.

Plan Estrategikoa zazpi ardatz nagusiren inguruan egituratuko da: pedagogia, komunitatea, euskara eta kultuartekotasuna, ongizatea, digitalizazioa, ekonomia eta komunikazioa. Ardatz horien bidez zehaztuko dira ikastolak datozen urteetan garatu beharreko helburu estrategikoak eta ekintza-planak, eskualdeko hezkuntza-erreferente izaten jarraitzeko eta bere proiektua indartzeko.
Lehen lan-saioan ikastolako familien eta hezkuntza-taldeko kideen parte-hartze zabala izan da. Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute komunitatearen inplikazioa eta ilusioa; izan ere, etorkizuneko ikastola eraikitzeko ikuspegi eta proposamen ugari partekatu dira. Parte-hartzaileen konpromisoak eta ekarpenek prozesuaren arrakasta bermatzeko oinarri sendoa eskaintzen dute.
2026-2030 Plan Estrategikoa egungo egoeraren diagnostiko batetik abiatuko da, ikastolaren indarguneak eta hobekuntza-aukerak identifikatuz. Zuzendaritza-taldeak gidatutako prozesu honek hainbat lan-saio eta hausnarketa-gune izango ditu datozen asteetan, komunitatearen ahotsa entzun eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prest dagoen ikastola bat diseinatzeko.
Ikastolak eskerrak eman nahi dizkie lehen bileran parte hartu duten familia eta langile guztiei, euren konpromisoari eta ekarpenari esker datozen urteetarako norabide partekatua eraikitzen hasi baita. Plan Estrategiko berria ikastolaren etorkizunerako tresna giltzarria izango da, berrikuntza, kalitatea eta komunitatearen ongizatea ardatz hartuta.