Erleen hegaldian, naturaren sekretuak ikasten
2026-06-16
Erleak protagonista. LH 3ko ikasleek naturarekin lotutako proiektu aberasgarria gauzatu dute.








Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek erleekin lotutako proiektu interesgarri eta aberasgarria garatu dute ikasturte honetan. Proiektuaren helburu nagusia naturarekiko lotura sendotzea izan da, ikasleak ingurumenaren zaintzaren garrantziaz kontzientziatuz eta ikaskuntza esanguratsua sustatuz.
Proiektuari hasiera emateko, ikasleek ideia zaparrada bat egin zuten eta, bertan sortutako proposamenen artean, erlauntzaren gaia aukeratu zuten erronka nagusi gisa. Hortik abiatuta, erleei buruzko informazioa bildu eta aztertu zuten: naturan duten funtsezko eginkizuna, polinizazioan duten garrantzia eta gaur egun bizi duten egoera ezagutu zituzten.
Ikerketa lanarekin jarraituz, erlearen gorputzaren atalak aztertu zituzten, erleek dantza bidez nola komunikatzen diren ikasi zuten eta erle mota desberdinak ezagutu zituzten. Hiztegiaren erabilera lantzeko asmoz, gainera, “erleiztegia” sortu zuten, erle eta hiztegi hitzen arteko hitz-joko dibertigarri eta hezitzailea baliatuz.
Proiektuan zehar, ikasleek ikastolako Jon Bereziartua “Txala” irakaslearen bisita ere jaso zuten. Haren azalpenen bidez, liztor asiarrak erleentzat suposatzen duen mehatxua ezagutu eta arazo horren inguruko kontzientzia hartu zuten.
Ikasitakoa ekintzetara eramanez, ikasleek erleak babesteko erronka txiki bat abiatu zuten. Horretarako, baratzeko produktuak saltzetik azokan lortutako dirua erabili zuten eta ikastolako baratzean lorez betetako lorategi bat sortu zuten, erleen polinizazioa errazteko eta biodibertsitatea sustatzeko.
Bestalde, proiektuari ikuspegi praktikoa emateko, Bedaiora irteera egin zuten bertako erle beltza gertutik ezagutzeko. Esperientzia horrek aukera eman zien erleen mundua zuzenean behatzeko eta ikasitakoa errealitatearekin lotzeko.
Proiektuari amaiera emateko, erakusketa bat antolatu dute ikastolako sarreran. Bertan, ikastolako komunitate osoarekin, eta bereziki Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleekin, partekatu dituzte hilabete hauetan egindako lanak eta ikasitako edukiak.
Ekimen honek agerian uzten du ikastolan ikasle autonomo, ekintzaile eta konprometituak hezteko egiten den apustua, proiektuen bidez berrikuntza pedagogikoa sustatuz eta ikaskuntza erreal eta esanguratsuak bultzatuz.