Aniztasunean elkartuta euskaraz

2026-06-18

Aniztasuna eta elkarlana ardatz hartuta, Azpeitiko Ikastolak ikasturte honetan garatu duen “Etorri euskarara!” egitasmoak hainbat gurasori euskarara hurbiltzeko aukera eskaini die. Ikastolan bertan eta eskola-orduetan egindako saioen bidez, parte-hartzaileek hizkuntza ikasteaz gain, herria, bertako ohiturak eta komunitatea hobeto ezagutzeko aukera izan dute, euskararen bidez loturak sendotuz. Ikasturtea amaitzear den honetan, esperientziaren balantzea oso positiboa izan da, eta parte-hartzaileek mezu argi bat zabaldu nahi izan dute: “Euskarak batzen gaitu, aniztasunak aberasten” (ikusi bideoa hemen).

Ikasturte honetan, Azpeitiko Ikastolak martxan jarri duen “Etorri euskarara!” egitasmoak emaitza oso positiboak izan ditu. Ekimenaren helburua argia izan da hasieratik: euskaraz ez dakiten gurasoei hizkuntza modu praktikoan eta eraginkorrean ikasteko aukera eskaintzea, seme-alaben ikastolan bertan eta eskola-orduetan.

Hilabete hauetan zehar, parte-hartzaileek euskara ikasteaz gain, herriko errealitatea eta ingurunea gertutik ezagutzeko aukera ere izan dute. Egitasmoaren bidez, eguneroko egoeretan euskaraz aritzeko trebetasuna landu dute; besteak beste, erosketak euskaraz egin dituzte eta herriko baliabideak eta kultura-ondarea ezagutzen ibili dira.

Esperientza aberasgarri horren barruan, hainbat irteera eta bisita ere egin dituzte. Horien artean, Ekoetxea bisitatu dute eta Igarako errota ezagutzeko aukera izan dute, inguruko natura, historia eta ondarea gertutik ezagutuz.

Ikasturtea amaitzear den honetan, parte hartu duten gurasoek mezu esanguratsu eta indartsua helarazi nahi izan diote komunitateari: “Euskarak batzen gaitu, aniztasunak aberasten.” Hitz horiek ezin hobeto laburbiltzen dute egitasmoaren espiritua: hizkuntza ikastea ez ezik, harremanak sortzea, elkar ezagutzea eta komunitatea sendotzea.

Azpeitiko Ikastolak bihotzez eskertu nahi die egitasmoan parte hartu duten guraso guztiei erakutsitako konpromisoa, ausardia eta ilusioagatik. Haien parte-hartzeari esker, komunitate irekiagoa, aberatsagoa eta sendoagoa eraikitzen ari da.

Eskerrik asko bide honetan bidelagun izan zareten guztioi. Elkarrekin, komunitate bakar, anitz eta sendoa osatzen dugu.