Irribarreek ez dute mugarik
2026-07-06
Uda honek elkartasunari, bizikidetzari eta kultura arteko topaketari egingo dio lekua gure ikastolan. Aurreko astetik Saharako kanpamentuetatik etorriko 11 haur ditugu uda igarotzen ikastolan.






Gure ikastolak konpromiso irmoa du jatorri guztietako haurren ongizatearekin, hezkuntza inklusiboarekin eta elkartasunaren balioekin. Horregatik, ilusio handiz hartu dugu ekimen honetan parte hartzeko aukera.
Datozen asteetan, Saharako haurrek eta gure ikasleek hainbat jarduera eta esperientzia partekatuko dituzte. Elkar ezagutzeko, kultura desberdinak gertutik bizitzeko eta bizipenak trukatzeko aukera paregabea izango da, enpatia, errespetua eta elkartasuna sustatuz.
Ikastolako zuzendaritzaren hitzetan, «Hezkuntza ez da ikasgelan soilik gertatzen; elkar ezagutuz, esperientziak partekatuz eta elkarrengandik ikasiz ere eraikitzen da. Uda honetan gure ikasleek eta Saharatik etorritako haurrek biziko duten esperientziak pertsona gisa hazteko aukera bikaina eskainiko die guztiei, eta gure komunitatea aberastuko du.»
Esperientzia hau aberasgarria izango da bi aldeentzat. Alde batetik, Saharako haurrek uda osasungarriagoa igarotzeko aukera izango dute, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi duten errealitatea oso gogorra baita, bereziki udako muturreko bero baldintzak direla eta. Bestetik, gure ikasleek munduarekiko begirada zabalagoa garatzeko eta beste errealitate batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Hamarkadak daramatzagu Euskal Herrian Saharako herriaren egoera salatzen eta elkartasuna adierazten. Horregatik, uda hau ez da aisialdirako aukera bat bakarrik izango; Saharako herriaren errealitatea ezagutzeko, sentsibilizazioa lantzeko eta elkartasunaren balioak egunerokoan bizitzeko aukera ere izango da.
Uda berezi honi hasiera emanez, Saharako haurrei ongietorri beroena eman nahi diegu. Ziur gaude elkarrekin biziko ditugun uneek oroitzapen ederrak utziko dituztela, eta denok aberastutako garela esperientzia honi esker.