Izpiz izpi, aisialdi anitza ehuntzen

2026-10-15

Herria argiz argi eraikitzen da, elkarrekin partekatzen ditugun une, bizipen eta amets txikien bidez. 2024ko Izpiz izpi lelopean egindako azken kilometroek erein zuten hazitik sortu da orain Gozatuz batu egitasmoa: haur eta nerabe guztientzat aisialdi euskaldunagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko bidean, herriko eragileak elkartuko dituen aisialdi mahaia martxan jarri da.

2024an antolatutako azken kilometroak herritik eta herriarentzat egindako jaia izan ziren, euskara, aniztasuna eta herrigintza ardatz hartuta. Jai hartatik ateratako irabazien zati bat herrira itzultzeko asmoz sortu da egitasmo hau, hiru ardatz horiek sustatzen jarraitzeko. Hilabete batzuetako lanketaren ondoren, lehen urratsa eman dugu, herriko aisialdiaren inguruan elkarlanean aritzeko gune bat sortuz.

Aurrerantzean, hilean behin elkartuko gara aisialdi mahaian. Bertan, herriko haur eta nerabeentzako eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten arlo ezberdinetako eragileak, udala eta guraso elkarteak bilduko gara. Kirola, kultura, euskara eta aisialdi hezitzailea sustatzen ditugun eragileon arteko elkarlana indartzea izango da helburua, guztion artean herriko aisialdi eskaintza aberasteko.

Gozatuz Batu izena jarri diogu elkarrekin garatuko dugun prozesuari. Aisialdi euskalduna herri kohesiorako tresna bihurtu nahi dugu, euskararen erabilera sustatzearekin batera, haur eta nerabe guztiek herriko aisialdian parte hartzeko aukera izan dezaten. Izan ere, aisialdia jolaserako eta gozamenerako gunea ez ezik, harremanak sortzeko, elkar ezagutzeko eta komunitatearen parte sentitzeko aukera ere bada.

Horretarako, lehenengo pausoa egungo haur eta nerabeen aisialdiaren diagnosia egitea izango da, kultur aniztasunaren ikuspegitik. Eskolaz kanpoko jardueretan nortzuk parte hartzen duten, nortzuk ez eta horren atzean zer arrazoi dauden aztertuko dugu. Informazioa biltzeko, galdetegiak egingo dira eta taldekako entzuketa saioak antolatuko dira, herriko errealitatea hobeto ezagutzeko eta komunitateko ahots ezberdinak jasotzeko.

Diagnosi horretatik abiatuta, egoera hobetzeko proposamenak identifikatu eta ekintzak elkarrekin martxan jartzea izango da hurrengo erronka. Bide horretan, herriko haur eta nerabeen, familien eta aisialdiko eragileen bizipenak eta ekarpenak funtsezkoak izango dira.

Eta ikastolako komunitateak ere badu zer esana bide honetan. Haur eta nerabeen hezkuntza eta garapen integrala ez dira ikasgelako mugetan amaitzen; aisialdia ere funtsezko eremua da balioak lantzeko, euskaraz bizitzeko eta harreman esanguratsuak eraikitzeko. Horregatik, ikastolako familien eta komunitateko gainerako kideen esperientziak eta iritziak entzutea lagungarria izango da herriko aisialdiaren beharrak hobeto ulertzeko eta guztiontzako aukerak sortzeko.

Azken batean, Gozatuz Batu elkartzeko, elkar entzuteko eta elkarrekin eraikitzeko gonbidapena da. Herriko aniztasuna aberastasun gisa ulertuz eta euskara topagune hartuta, haur eta nerabe guztientzako aisialdi hezitzaileagoa, euskaldunagoa eta inklusiboagoa eraiki nahi dugu.

Izpiz izpi, elkarrekin ehunduko dugu herria; gozatuz, euskaraz eta aniztasunetik batuz.