2026-10-21

Maite Azpiazu eta Maite Bidezabal (Gozatuz Batu egitasmoa): Aisialdi euskaldunaren eremua herri kohesiorako tresna izateko urratsak adostu nahi dira

Herria elkarrekin eraikitzen dugu, pausoz pauso, eta bidean sortzen diren elkarlan eta amets txikiek ematen diote indarra komunitateari. 2024ko Izpiz izpi lelopean antolatutako azken kilometroek erein zuten hazitik loratu da Gozatuz batu egitasmoa, haur eta nerabe guztientzat aisialdi euskaldunagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa sustatzeko asmoz. Horretarako, herriko eragileak elkartuko dituen aisialdi mahaia jarri da martxan, elkarrekin gogoeta egin, ideiak partekatu eta etorkizuneko bideak marrazteko.

Bide berri honen nondik norakoak eta erronkak hobeto ezagutzeko, ikastolako eta artezkaritza kontseiluko kide diren bi gurasorekin bildu gara, Maite Azpiazu eta Maite Bidezabal. Haien eskutik, egitasmoaren abiapuntua, helburuak eta elkarlanaren garrantzia ezagutuko ditugu, herriko haur eta nerabeentzako aisialdia guztion artean eraikitzeko ilusioari leiho bat irekiz.

Zer da Gozatuz Batu egitasmoa, eta zer helburu nagusi ditu herriko haur eta nerabeen aisialdia hobetzeko?

Egitasmo hau ikastolak sustatu duen proiektu bat da, “Izpiz izpi” lelopean antolatu genuen kilometroetako hiru ardatzak lantzen jarraitzeko helburuarekin. Herrian eskolaz kanpoko ekintzetan egun ematen den segregazioa gainditzeko aisialdi mahai bat eratzea izan da abiapuntua. Bertan, gaur egungo egoeraren diagnosia egingo da eta berau aldatzeko neurriak diseinatuko dira.

Egitasmo honekin herriko haur eta nerabeen aisialdian lan egiten duten elkarteak saretu nahi dira, kultur aniztasunaren begiradatik gaia aztertu nahi da eta aisialdi euskaldunaren eremua herri kohesiorako tresna izateko urratsak adostu nahi dira.

Zuen ustez, zein dira gaur egun herriko haur eta nerabeen aisialdian dauden behar edo hutsune nagusiak?

Hipotesia da, oro har,  jatorri ezberdinetako familietako haurrek ez dutela eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen. Horrek, besteak, beste, euskararen erabileran edota lagun arteko harremanak eraikitzeko orduan berebiziko garrantzia du. Ondorioz, zergatik gertatzen den hau aztertu nahi da, egoerari buelta bat emateko gakoak identifikatzeko.

Nola susta dezakegu euskararen erabilera aisialdian, haur eta nerabe guztiek euskara bizitzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten?

Euskarara hurbiltzea nahi dugun guztien aisialdirako sarbidea bermatzea lortu beharko genuke. Horretarako, ondo aztertu behar da egoera, hipotesiak edota aurreiritziak gainditu eta benetan beraien gaiaren inguruko iritzia jakinez.

Zer oztopo izan ditzakete haur eta nerabe batzuek herriko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko, eta nola lagun dezakegu oztopo horiek gainditzen?

Horixe landu nahi da egitasmo honetan eta horretarako beraiei galdetu nahi zaie. Prozesu honetan, galdetegiak, bakarkako elkarrizketak, talde entzuketak, gaiaren inguruko hitzaldiak… egiteko asmoa dago.

Nola egin dezakegu herriko kultur aniztasuna aisialdia aberasteko aukera izan dadin, haur eta familia guztien errealitateak eta bizipenak kontuan hartuta?

Aisialdi mahaian eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzte arlo ezberdinetako eragileak batu nahi dira, gaiaren inguruan kontzientzia piztu eta gaiarekiko begirada aldatzen hasteko. Hortik, etorri daiteke aldaketaren gakoetako bat.

Horrez gain, jatorri ezberdinetako bizilagunen errealitatea eta arrazoiak ezagutzea ezinbestekoa izango da, benetan egoera aldatzeko neurri egokiak hartu ahal izateko.

Zer proposamen edo ekintza zehatz jarriko zenituzkete martxan ikastolatik, herriko aisialdia euskaldunagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa izan dadin?

Guraso bileretan gaia lantzea, zaletasun antzekoak dituzten ikasleen arteko zubiak eraikitzea, gurasoen arteko komunikazio harremanak sustatzea, herriko aisialdi ekipamenduak ezagutzera joatea… okurritzen zaizkigu, baina ziur gaude, prozesu honen amaieran askoz ikuspuntu zabalago batetik, proposamen gehiago irtengo direla.

Nola animatuko zenituzkete ikastolako gainerako familiak eta komunitateko eragileak Gozatuz Batu proiektuan parte hartzera, eta zer mezu helaraziko zeniekete?

Gurasoei aisialdi hezitzailearen garrantziaz jabetzea proposatuko genieke, daukan balio hezitzailearengatik, euskararen sustapenean egiten duen ekarpenarengatik, bizikidetza lantzeko eta lagun arte osasuntsua eraikitzeko klabea delako. Gainera, aisialdi esparruan haurrek gozamenarekin eta ludikotasunarekin konektatzen dute eta bertan ematen diren bizipenak eta ikasketak esanguratsuak izaten dira berain garapenerako.

Zergatik da garrantzitsua ikastolako familien parte-hartzea proiektu honetan, eta zer ekarpen egin dezakete gurasoek?

Behin diagnosi fasea amaitzean, egoera hobetzeko ekintzak proposatuko dira eta horiek aurrera eramateko orduan, gurasoen parte hartzea klabea izango dela aurreikusten dugu. Beraz, adi egon prozesua hasi besterik ez da egin eta!