Lourdes Agirrezabala eta Lorea Mujika: Duela 30 urte, amets bat eraikin bihurtu zen
1996ko azaroan inauguratu zen ikastolaren eraikin berria. Ordura arte, ordea, bidea ez zen erraza izan. Aurreko ikasturtean, ikasleek, familiek eta langileek herriko hainbat lokaletan sakabanatuta eman behar izan zuten egunerokoa. Gela batetik bestera, leku batetik bestera, baina komunitate izateari utzi gabe.
Garai hura gertutik bizi izan zuten Lorea eta Lourdes. Haien oroitzapenen bidez, duela 30 urteko bizipenak, zailtasunak, ilusioak eta ahalegin partekatuak gogora ekarri nahi ditugu.
Izan ere, eraikin baten inaugurazioa baino askoz gehiago izan zen hura: urteetako lanaren, konpromisoaren eta ilusio kolektiboaren emaitza. Gaur egungo ikastola ulertzeko ezinbestekoa den historiaren zati bat.
Lorea eta Lourdesekin atzera begiratuko dugu, komunitate oso baten oroitzapenak eta bizipenak berriz ere gure artera ekartzeko.
Zer sentitzen duzue eraikinak 30 urte bete dituela jakitean?
Lourdes: Poza. Harrotasuna ez zait hitz gustukoa; poza, izugarrizko poza. Garai hartan askok esaten ziguten proiektu horrek ez zuela asko iraungo. Egia da gorabehera handiak izan ditugula, baina gaur ikastola ikusita, bide onean goazela sentitzen dut.
Lorea: 30 urte pasa dira, baina gauza batzuk atzo gertatu balira bezala ditut gogoan. Oso garbi daukat: urte hura aurrera atera genuen familiak izugarri inplikatu zirelako. Inplikazio hori zegoen, eta eraikin batetik bestera ibiltzetik etxe berri batera etortzeko gogoa.
Nola aldatu da ikastolako eguneroko jarduna urte hauetan?
Lourdes: Hezkuntzan derrigor egon behar dute aldaketek; aldaketarik ez badago, ez gabiltza ondo. Ikastola oso ondo egokitu da erronka berrietara eta gizartearen beharretara. Hori posible da komunitate bat dagoelako inplikatuta.
Lorea: Jende berria dago orain, eta askok ez zuten garai hura ezagutu. Baina jende gaztea dago, bai familietan bai langileen artean, eta horrek ematen dio jarraipena proiektuari.
Nola gogoratzen duzue herriko hainbat eraikinetan banatuta eman zenuten 1995-96 ikasturtea?
Lorea: Garairik onenetarikoa bezala gogoratzen dut. Batasun handia zegoen. Gurasoak, besteak beste, ingeleseko fitxak mozten aritzen ziren, eta arratsaldetan kotxea hartu eta materialak banatzera joan behar zen, leku batetik bestera. Idazkaritzarako lokal txiki bat genuen, administrazio lanetarako eta telefonoz deitzeko justu-justu zegoen lekua.
Lourdes: Material falta handia zegoen, baina ilusioz betetzen genuen. Fraideen azpiko lokal batean egokitu zitzaidan klaseak ematea: argi ilun batekin, eta komunik gabe. Komunera joateko, ondoko tabernara joaten ginen, eta hala ere barre egiten genuen. Arbelak, berogailu zaharrak⦠etxeetako ganbarak hustu ziren gauzak lortzeko.
Non egon zineten zehazki?
Lourdes: Leku askotan: aterpetxean, sindikatu zaharrean, Betharramtarren goiko solairuan, parrokiako lokaletan (txikienak), geltoki ondoko kuartel zaharrean eta Loiolatxon. Jolastokirik ez zegoen; Loiolatxokoak Loiolako lorategietan ibiltzen ziren, eta eguraldi txarra egiten zuenean ez zegoen aterperik. Hotz ere asko pasa genuen. Imajinazio handia behar izan zen: komunera joateko ere, ordu erdiro taldean ateratzea asmatu genuen.
Zein izan zen garai hartako zailtasun eta erronka nagusia?
Lourdes: Lehenik eraikina Goenan egingo zela esan ziguten, eta, egin bitartean, prefabrikatuetan egon behar genuela. Azkenean ez zen hala izan. Lursaila lortu eta kalifikatu ondoren, lehenbailehen egin eta sartu behar zen. Lehen harria 1996ko martxoan jarri zen, eguneko egunkaria barruan zuela, eta eraikina bukatu baino lehen sartu ginen: taulak hemen eta han, langileak lanean, eta guk eskolak ematen. Emozionalki ere oso gogorra izan zen. Ume batzuk beren lagunengandik banatu ziren, eta badakit batzuek sufritu egin zutela. Oraindik ere ikasle ohiren batek esaten dit zein gogorra izan zen berarentzat.
Zer oroitzapen nabarmenduko zenukete urte haietatik?
Lorea: Niretzat ilusioa eta inplikazioa. Nik geletako berri ez daukat, baina egunerokoan beti zegoen laguntza inguruan: fotokopiak ateratzeko, edozertarako. Elkarren babesa eta konfiantza. Eta ni ziur nengoen egingo zela.
Lourdes: Momentu gogorrak bizi arren hurrengo egunean berriro esaten zenuen: “Hemendik edo handik, irten egin behar dugu”. Familiek beren seme-alabak gure esku utzi zituzten, eta erantzukizun hori sentitzen genuen. Irakasle berri asko etorri ziren, gainera; haientzat lan berria zen, egoera prekarioan, baina haiek ere apustua egin zuten.
Zein dira ikastolaren lorpen handienak ordutik hona?
Lourdes: Ni irakaslea naiz ikasketaz eta bihotzez, eta ikastola ikusten dudan bakoitzean hunkitu egiten naiz. Etapa bakoitzak bere proiektuak izan ditu, eta eraldaketa etengabea izan da. Pedagogikoki, herrian aitzindari izan garela uste dut.
Lorea: Ikastola herrian txertatuta dago. Herriko ekintzetan, inauterietan esaterako, nabarmen ikusten da hori. Eta kanpoan ere, Mutrikun edo Ondarroan esaterako, ikastolak izen ona duela konturatu naiz.
Lourdes: Ikastolen Elkartearen parte izateak, zazpi lurraldeetan gaudela jakiteak, indarra ematen du. Talde sentsazio hori dago: ez dugu “ikastola” esaten, “gure ikastola” baizik.
Zer mantendu beharko luke ikastolak hasierako espiritutik?
Lorea: Lotura. Ikastolatik kanpo gaudenok ere, erretiratuak edo guraso ohiak izanda ere, lotura hori mantendu behar dugu, eta ondorengoei transmititu. Ikastola ez da inorena; momentu bakoitzean dagoen komunitatearena da.
Lourdes: Komunitate zentzua eta ikastolazaletasuna. Ditugun ezaugarriak ondo errotuta daude, eta etorkizunean ere beharrezkoak dira. Hori argi adierazi behar dugu.