Urola Erdian, aldaketaren hazia ereiten

2026-11-05

Urola Erdia eskualdeko trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta eta lankidetza sustatzeko, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Beizama, Aizarnazabal eta Errezil udalerriek «Urola Erdia ispiluaren aurrean» ekimena jarri dute abian. Ikastola ere prozesuan buru-belarri sartuko da. 

Ekimenaren helburua da gure eguneroko ohiturek eta hartzen ditugun erabakiek lurraldean eta kliman duten eraginaz jabetzea, eta herritarrekin batera etorkizun berdeago eta jasangarriago baterako bideak adostea.

Prozesu honetan, hiru ardatz nagusi lantzen ari dira: energia, garraioa eta mugikortasuna, eta elikadura. Besteak beste, energia berriztagarrien eta komunitate-ereduen inguruan hausnartzen ari dira; mugikortasun jasangarria eta garraio publikoa sustatzeko aukerak aztertzen; eta tokiko kontsumoa zein sistema agroekologikoak bultzatzeko estrategiak partekatzen.

Ekimenak hainbat fase ditu. Lehenik, sentsibilizazio- eta diagnostiko-lana egin da, kale-kanpainen, informazio-panelen eta herritarrei zuzendutako bestelako ekintzen bidez. Horrez gain, adituen eskutik hitzaldi irekiak antolatu dira eskualdeko hainbat udalerritan, eta herritarren, tokiko eragileen eta udalen arteko parte-hartzea sustatzeko lan-saioak ere egin dira.

Testuinguru horretan, 2026ko urriaren 28an, Azpeitiko Basazabal jauregian egindako lan-saioan, eskualdeko etorkizun jasangarriari buruzko gogoeta eta proposamenak partekatu ziren. Ikastolako zuzendaritzako kideek ere parte hartu zuten topaketan, ikastolak komunitatearen eta lurraldearen eraldaketan duen egitekoaren erakusgarri.

Izan ere, jasangarritasuna ez da erakundeen edo administrazioen ardura soilik. Hezkuntza-komunitateak ere zeregin garrantzitsua du ohitura berriak sustatzen, belaunaldi berriak sentsibilizatzen eta ingurunearekiko konpromisoa lantzen.

Gure eguneroko erabakietatik hasten da aldaketa. Horregatik, Urola Erdia ispiluaren aurrean ekimenak aukera ematen digu gure lurraldeari begiratu, ditugun erronkak identifikatu eta etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko elkarrekin lan egiteko.

Ikastolatik ere bat egiten dugu hausnarketa eta lankidetza sustatzeko bide honekin, gure inguruko komunitatearekin batera etorkizun bidezkoago, osasungarriago eta jasangarriago baten alde egiteko.