Idoia Arrizabalaga eta Ioritz Aizpuru (sorrerako ikasleak): Eraikinik gabe hasi ginen, baina komunitate sendo batekin eraiki genuen etorkizuna
1995-96 ikasturtean, ikastolak eraikinik ez zuenean, Idoia Arrizabalaga 9 urteko ikaslea zen, eta Ioritz Aizpuru 12 urtekoa. Ikasturte hura herriko lokal batetik bestera ibiliz eman zuten, gurasoen eta irakasleen babespean. Gaur, biak gurasoak dira ikastolan. Eraikinaren 30. urteurrenaren atarian, haien oroitzapenak jaso ditugu.
Zer oroitzapen datorkizue burura eraikinik gabeko urte hartaz?
Idoia: Lehen egunean denok nahiko urduri geunden. Esklabetako eskaileretan egin genituen klaseak. Gero, egun batzuk Aterpetxean, Frantziskanetan, Betharramtarretan⦠Loiolatxon egonkortu nintzen arte. Ostiralean esaten ziguten astelehenean beste leku batean egon behar genuela. Leku batzuetan mahairik ez zegoen, eta koadernoa hanken gainean hartuta idazten genuen. 9 urterekin ez zara jabetzen gauza handirik, baina antzematen zen zerbait berezia gertatzen ari zela: mugimendu handia zegoen.
Ioritz: Ni Loiolatxon egon nintzen, eta gero geltoki ondoko kuartel zaharrean, Arte Diseinua egon zen eraikinean. Batzuetan hogeita hamar ikasle baino gehiago izango ginen irakasle bakarrarekin. Loiolatxon leihoetako kristalak apurtuta zeuden, eta plastikoak jarri ziren haizea sar ez zedin. Guk klasea ematen genuen bitartean, gurasoak leihoak konpontzen, elektrizista lanak egiten eta beste eskulan batzuetan aritzen ziren.
Nolakoa zen zuen arteko giroa?
Idoia: Ezegonkortasuna eta baldintza txarrak gorabehera, oroitzapen oso ona daukat. Zainduak izan ginen, eta zoriontsuak izan ginen lagunen artean.
Ioritz: Oso giro ona zegoen, talde giroa. Gu ere borroka horren parte sentitzen ginen: “Hau guztia arrazoi batengatik egiten ari gara, sinesten dugulako”. 12 urterekin irakasleekin hitz egiten genuen horretaz. Haietako batzuek beren lan egonkorrak utzi zituzten, proiektuan sinesten zutelako. Horrek sortzen du komunitatea, talde sentimendua. Arratsalde askotan mobilizazio deiak zeuden, eta guk ere parte hartzen genuen.
Ioritz: Gaur irudikatu: zure seme-alabak ikastola baten esku uztea, eraikinik eta baliabiderik gabe, proiektu batean sinesteagatik. Apustu ikaragarria da. Gurasoek, irakasleek eta gainerako langileek proiektuan sinesten zuten, baina baita elkarrengan ere. Konfiantza hori zegoen.
Zer sentitu zenuten eraikin berrira joango zinetela jakitean, eta zein izan zen lehen inpresioa?
Ioritz: Bi sentimendu izan nituen. Batetik, pena handia: Loiolatxon oso gustura geunden, eta giro ikaragarria genuen. Bestetik, poza, azkenean lortu genuelako.
Idoia: Bi oroitzapen ditut. Patio handia obretan zegoen oraindik. Eta sartu eta gela handiak ikusi nituen, kristalezkoak: “Ai ama, gela eder hauetan egongo gara!”. Herriarentzat ere eraikin oso ederra zen: handia, argitsua. Arte Diseinuko eskailera ilunetatik etorrita, aldaketa izugarria zen.
Garai hartako harremanek irauten dute?
Idoia: Bai. Garai hartako ikaskideekin harremana mantentzen dugu, eta afariak egiten ditugu. Elkarrekin pasatutako zailtasunek lotura berezia sortzen dute. Gainera, orain berriro elkartzen gara gure seme-alabekin ikastolan.
Ioritz: Irakasleekiko harremana ere berezia zen. Irakaskuntzatik kanpo ere bagenuen harremana: afariak, eta beste elkarrizketa batzuk. Eta orain, gure seme-alabekin bueltan gaude, eta irakasle batzuk hor daude oraindik. Lorea, esaterako, erreferentea da urtero. Egonkortasun hori, erreferente izate hori, oso baloratzekoa da.
Gaur egun gurasoak zarete. Nola ikusten duzue komunitatea eta gurasoen parte hartzea?
Idoia: Ikastolaren oinarria komunitatea da. Gurasooi dagokigu komunitate hori osatzea eta indartzea, eta ikastolak parte hartzeko tresnak eskaintzen ditu: lantaldeak, batzordeak⦠Kooperatiba bat da. Bakoitzak bere eginkizuna du eta parte hartzea oso garrantzitsua da.
Ioritz: Ni azpiegitura lantaldean eta txosnan ibili naiz. Ez genituen bilera asko egin, baina sortu zen giroak jarraitu du: “Benga, afaria egin behar dugu”. Boluntario lanetik giro berezi bat sortzen da beti.
30 urte geroago, zer esango zenieke gaur egungo ikasleei?
Idoia: Nire seme-alabei harro azaltzen diet amamek eta aititek apustua egin zutela, euskal kultura eta euskara oinarri zituen herri proiektu batean sinesten zutelako. Ikastola ez da ikastetxe bat bakarrik: historia bat eta arrazoi bat ditu. Zazpi lurraldeetako herri apustua da, euskara abiapuntu duena.
Ioritz: Garai hura gogorra izan zen, baina oroitzapen politak ditut. Garrantzitsua da gogoratzea nondik gatozen. Ez gara hona etortzen eraikin polit batengatik bakarrik; proiektu batean sinesten dugulako gatoz, bere ondorio guztiekin.