2020-05-03

Begirada baterako mementoa

1.-  Zeri eman diogu garrantzia konfinamentu garai honetan.

(HH) Haur hezkuntzatik ere oso garbi izan dugu arlo emozionala zaintzearen garrantzia. Guztiongan baina batez ere 0-6 etapako haurrengan, modu honetako alarma egoera batek, izan dezakeen eragin emozionala kontuan hartuz,  alderdi emozional hori zaindu eta  haur eta familiekin gertutasuna eta presentzia mantentzeari eman diogu garrantzia.

(LH) Lehendabizi, guretzat garrantzitsuena zen arlo emozionalean jarri genuen begirada. Izan ere, beste arlo guztiak ikutu aurretik ezinbestekoa iruditzen zitzaigun ikastola komunitateko kide guztiok emozionalki egonkor eta lasai egotea. Horretarako, hasiera-hasieratik gertutasuna helarazten saiatu ginen, komunikatzeko  hainbat bide  erabiliz. Lasaitasun mezuak ere bidali ditugu ikasle nahiz gurasoentzat, itxialdi honetan ibilbide bateratua egingo dugula esanez. Era berean, erabateko  ulermena adierazten ere saiatu gara, guztiontzat egoera oso konplexua baita

(DBH-DBHO)  Gure kasuan, ikasleei etxera joan behar zutela esatean, zenbait ikasleengan urduritasuna antzeman genuen. Horregatik, hasiera hasieratik lasaitasuna transmititzen saiatu ginen.  Behin etxera joandakoan oso garrantzitsua iruditu zitzaigun ikasleei eguneroko errutina batzuk finkatzea. Garbi genuen egokitzapen tarte bat behar genuela (bai beraiek eta bai geuk ere), baina egunerokoan lan egiteko errutina batzuk markatzea ezinbestekoa ikusten genuen. Beste alde batetik, azkar identifikatu behar genituen sistema berri honekin zailtasunak zeuzkaten ikasleak. Ikasleen artean oso egoera desberdinak aurkitzen ditugu, baliabide aldetik, etxeko egoerak,… eta inor atzean gelditzen ez zela ziurtatzen saiatu behar genuen.

2.- Topatu ditugun zailtasunak.

(HH) Konfinamendu egoerak, gure balio handiena kendu digu… gertuko harremanak, presentzia, goxotasuna… Hori digitalki etxeetara bidaltzea ezinezkoa dela jakinik, gure erronka haur eta familiekin gertutasuna mantentzea izan da. Zailtasun nagusia zera izan da, nola gerturatu familietara haurrak pantaila aurrean jarri gabe? … Adin tarte honetan, baliabide digitalak neurrian erabili izan ditugu, haurrak pantailetatik jaso dezaketena baino beren ingurune hurbilarekin izandako esperientzietatik jasotzen dutena askoz aberatsagoa dela badakigulako…  Baina kasu honetan, errealitatea digital bilakatu zaigu, harremanak izateko aukera bakarra. Nolabaiteko kontaktua mantentzeko aukera ematen badigute ere, pantaila bidez komunikazioa zaildu egiten da, lotsa agertzen da eta askotan zailagoa da elkarrizketa mantentzea eta onartuko dugu haurren gertutasun fisikoaren falta somatzen dugula, aurrez-aurreko harremanak, irribarreak, freskotasuna…

(LH) Batetik, kontuan hartuta gure ikasle guztien aniztasuna eta dituzten errealitateak, baliabide teknologikoen falta somatu genuen kasu batzuetan. Hala ere, ikastolak dituen baliabideak ustiatuz ikasle horien beharrei erantzuna eman zitzaien; batetik, ikastolak eskura zituen ordenagailuak utziz eta bestetik Ikastolen Elkarteak eta Udaletxeak interneterako konexioa eskuragarri jarriz. Baliabide teknologikoen falta baino oztopo handiagoa izan da jakintza eza. Ikaskuntza metodologia digitala erlojupean martxan jartzeak, gutxiengo jakintza edota ezagutza bapatean jakitea eskatu digu ikasle, guraso eta irakasleoi. Horretarako ezinbestekoa izan da elkar elikatzea eta laguntza saretzea. Guk irakasle gisa gure laguntza etxekoei eskeini diogu baina etxekoek izugarrizko ahalegina eta nahia erakutsi behar izan dute hori jaso eta abian jartzeko.

(DBH-DBHO)  Bizitzen ari garen egoera hau guztiontzat izaten ari da berri eta berezia, beraz, hasiera zaila izan zen guztiontzat. Ikasleekin lan erritmo egoki bat lortu nahi horretan kezka asko sortzen zitzaizkigun: lan gehiegi bidaltzen dizkiegu, gutxiegi, eguna banan banan zalantzak argitzen pasatzen genuen…Ordutegiak finkatzen saiatzen ginen baina zaila egiten zitzaigun ikasleen galderak jaso eta ez erantzutea. Honela, zenbait ikaslek duten autonomia falta nabarmen gelditu da ere. Hala ere, pixkanaka neurria hartzen joan garela uste dut.

3.- Ikasleekin nola egin dugu komunikazioa. 

HH0 eta HH1en hasieran familia bakoitzari telefono deia egin genien; baina denen arteko nolabaiteko harreman bat izateagatik,  familia eta hezitzaileen whatsap taldea osatzea erabaki genuen (gela bakoitzeko talde bat). Astero bi aldiz argazki edo bideotxoak bidaltzen ditugu. Bideo horietan, ipuintxoak kontatu, abestiak abestu, etxeko animaliak erakusten dizkiegu…..

HH2n ere astean zehar proposamen ezberdinak bidaltzen dizkiegu, hezitzaileen bideoren bat, kanturen bat, ipuitxoren bat  …Hezitzaile bakoitzak gauza desberdinak grabatzen ditu. Bidalitako proposamenak, bideo edo audioak, gelan egiten genituenen berdinak edo antzekoak izan ohi dira, umeek ikastolarekin duten lotura horri jarraipena emateko.

HH3-6n egunero ipuin bat eta beste jarduera  (abestia, ahokorapiloa, errezeta, eskulana, yoga….) bat bidali diegu. Astelehenero taldeko erreferente batek audio bat bidali du, pixka bat gertuago sentitzeko, gure ahotsa entzuteko. Bidali ditugun jarduera hauek proposamenak dira, ez daude egin beharrik eta hori azpimarratzen saiatu gara. Ahal den neurrian saiatu gara proposamen hauek pantaila aurrean egon gabe egiteko modukoak izatea.

Bestalde, umeen urtebetetze egunean deitu egin diegu eta nahiz eta lotsa agertu berriro, poz handiarekin jaso dutela eta egoera hau luzatzen ari dela ikusirik  bideodeiak egiten hasi gara ume bakoitzari.

(LH) Itxialdian zehar komunikatzeko bideak hedatzen eta uztartzen joan gara. Hasiera batean, telefono dei eta mezu elektronikoen bidez hasi ginen lehen hartu emanak izaten. Lehen zikloan, gurasoen helbide elektronikoetara jo behar izan genuen harremanak edukitzen jarraitzeko. Aldiz, bigarrengo zikloan, ikasle bakoitzaren helbide elektronikoa erabili dugu harremanak sustatzeko. Pixkanaka, genituen beharrei erantzuteko asmoz beste aplikazio batzuk martxan jarri genituen, hala nola, Drive (2.zikloan) eta Meet. Lehena, ikasleen jarraipena egiteko oso baliagarria egin zaigu irakasleoi eta ikasleei ere ekoitzitakoa gorde eta antolatzeko tresna erabilgarria egin zaie. Bigarren aplikazioak, galderak eta kezkak argitaratzeko aukera eskeini digu eta baita, gertuko harremanak mantentzeko aukera ere. Komunikazioa ahalbideratzeko kasu askotan gurasoen eta anai-arreba nagusienen beharra eta laguntza ezinbestekoa izan dugu, gehienbat lehen zikloan eta hori eskertzekoa da.

(DBH-DBHO)  Gure etapan iadanik erabiltzen genituen baliabideeekin jarraitu dugu, drive adibidez, eta classroom bezalakoa, orain arte zenbait gaietan erabiltzen zena, erabat orokortu dugu. Horretaz gain, meet-en bidez, beharraren arabera, zuzenekoak egiten ditugu. Goizean goiz lanak edo azalpenak bidaltzen dizkiegu eta dagozkion epemugak finkatuta egindako lanen jarraipena egiten dugu. Hasiera nahiko kaotikoa izan zen, ikasle guztiak galdezka, irakasleek lanak jaso eta zuzentzen etengabe… Hala ere, esan bezala, joan gara egokitzen…

4.- Aste hauen ondoren nola ikusi ditugu ikasleak.

(HH) Orokorrean, haurrak pozik daudela ikusi dugu. Etxean nahiko ondo moldatu dira eta  haurrak familiarekin egoteko denbora gehiago izatea eskertu dute. Gainera familiak jarduera asko egin dituzte elkarrekin. Haurrak oso harro azaldu dira beraiek egindakoak erakusten. Bestalde, ikastolara hasteko gogoarekin daudela ikusten da, elkar ikusteko gogoa nabari zaie. Eta egoera hau luzatzen doan heinean, pixkat nekatzen hasiak direla  dirudi, hasieran  adinako gogorik gabe. Dena den orokorrean aipatzen dute gurasoek, harridura puntu batekin, zeinen ondo egokitu diren haurrak egoera honetara.

(LH) Orokorrean ikasleak gustura eta lasai ikusten dira itxialdian. Haur asko jakitun dira etxekoekin partekatzen ari diren denbora hori ordain ezina dela. Ekintza eta esperientzia ugari ari dira partekatzen, erabat berriak izan direnak beraientzat baina era berean oso aberasgarriak. Nahiz eta etxekoekin igarotzeko denbora izan, haurrak beraien kide eta lagunen hutsunea nabari dute. Elkarrekin elkartzeko eta gozatzeko nahia dute, gehienbat aisiari begira. Ikasleak eguzkiaren epeltasuna eta haizearen ikutua gorputzean sentitzeko gogoz  aurkitzen dira. Ikasle bakoitza bere erritmo eta gustuen arabera ari da lanean. Jasotzen ditugun iritzietatik azpimarratu dezakegu ikasleak gustura dabiltzala betebeharretan.

(DBH-DBHO)  Irakasleok  biltzen jarraitu dugu ikasleen jarraipena egiteko eta ikasle gehienak lanean ondo ari direla esango nuke. Hala ere, hasieran ajuste batzuk egin behar izan genituen eta ikasleen artean erritmo desberdinak ikusi genituen baina, ikastolan, klasean ikusten ditugunen antzerakoak. Egia da zenbait ikasleekin zaila egiten ari zaigula jarraipen egokia egitea baina gutxienekoak direla esango nuke. Kontuan hartu behar dugu ere, DBH eta DBHOn oso behar desberdineko ikasleak ditugula. DBH4 eta DBHO2n etapa bukatzen dute eta etorkizunari begira, oso ikasturte kritikoak dira eta erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte. Horregatik hasi gara dagoeneko orientazioarekin lotutako azalpen eta zuzenekoak egiten. DBHO osoan, gainera, ondoren unibertsitatera joan nahi duten ikasleek nota behar izateak zaildu egiten digu ebaluatzeko momentua. Dena den, hasieran esan dugun bezala, lasaitasuna helaraziko nahiko nieke maila hauetako ikasle eta familiei.

5.-Egoera berezi honetatik ateratako alderdi edo lezio positiboak.

(HH) Etxean etxekoekin egoteko, aritzeko, denbora gehiago egon da, honek dakartzan onurekin, harremanak sendotzea, indartzea, goxotasuna…
Azken urteetan egunerokoak hartu duen abiadura lasaitu egin da eta gauzak patxada gehiagoz egitera eraman gaitu, honek elkarri denbora gehiago eskaintzeko aukera eman digularik.  Haur hezkuntzan, denbora hartzearen garrantziaz asko hitzegin izan dugu, autonomia garatzeko ezinbestekoa baita egunerokoan haurrei denbora ematea eta egoera honek, hori behintzat ekarri digu: denbora. Egoera honek, agerian jarri du, orokorrean haurrek beren ikasketa prozesuak etxeko giroan erraz ematen badituzte ere, egunerokotasunean gelako elkarrekintzak  asko errazten dituela prozesu horiek. Haurrek berdinen artean naiz hezitzaileekin izaten dituzten elkarrekintzen bitartez beren garapenean aurrerapen handiak egiten dituzte,  eta horrek gure eguneroko lanari indarra  eta zentzua ematen dio. Familiekin harremanak ere ezinbestekoak direla agerian gelditu da, egun hauetan, harreman horiek mantentzen saiatu gara  gertutasuna mantendu nahiean. Bueltan berriz ere  gure balioei heltzen saiatu beharko dugu.. gertutasuna, elkarrekintza, harremanak, goxotasuna .

(LH) Ez-ohiko itxialdi honetatik lezio aberasgarri ugari jaso ditugula esan dezakegu. Lezio hauek, ikasle, guraso nahiz irakasleontzat izan dira. Bizitzarekiko begirada aldatzen lagundu digu. Lehenago, ezkutuan zeuden gauza txiki horiek azalera ekarri ditugu, duten garrantziaz oharturik. Orain, ohartu gara, garrantzia duten gauzak ordaindu ezin direnak direla, hala nola, besarkadak, muxuak, jolasak, laztanak… Bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak identifikatzen ere lagundu digu egoera honek, autonomia indartzearekin batera. Bakarrik, isolaturik egoteak, irudimena martxan jartzera eraman gaitu. Gainera, elkar lanaren eta kooperazioaren beharraz ohartarazi gaitu.

(DBH-DBHO) Asko dira azpimarratzeko alderdi positiboak, adibidez:

  • Elkarren beharra dugula.

  • Klasean elkarrekin egoteak zenbat informazio ematen digun ikustea.

  • Egoera berezietara egokitzeko gaitasuna dugula. Behar denean, zenbat ikasteko gai garen…

  • Beti egongo dela ikaskuntza presentzialaren beharra. Inoiz ez da berdina izango ikasleekin aurrez aurre egotea edo pantaila baten atzean egotea.