"Berrikuntzekin dator aurten kros mistoa"
2019-10-28Aurten X. edizioa beteko du Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibak urtero antolatu ohi duen kros mistoak. Antolaketa lanean aritu da guraso talde bat buru-belarri azken asteotan eta ekimenaren berri jakiteko jo dugu eurengana. Azaroaren 16an izango da krosa, arratsaldeko 17:00etan.
Dena prest aurtengo kros mistorako?
Bai, ia dena lotuta dago dagoeneko. Eguraldi ona baino ez da falta.
Aurtengo kros mistoa berrikuntzekin datorrela esan duzue ikastolako guraso bileretan. Zergatik?
Bai, hala da. Kirol elkartetik ikastolara pasa zen kros mistoa antolatzeko ardura duela bi urte. Iaz bere horretan antolatu genuen krosa, eta ondo joan zen, lanik zailenak ondo bideratuta utzi baitzizkiguten kirol elkartekoek. Ekimena egonkortuta zegoen. Baina ikastolaren jardunean, ekimen isolatu edo puntual bat bezala geratzeko arriskua zuen eta hor sortu zitzaigun halako nahi bat, ekimena gure proiektuan eta aisia-kirol eskaintzan zuzenago txertatzekoa edo. Horrek eragin du berrikuntzak ekartzea.
Hor sartzen da Herri Hezitzailearen bidea?
Bai, hala da.
Bada denboratxo bat Ikastola Herri Hezitzailearen talde barruan lanean ari dela eta, iruditu zitzaigun, horren baitan kros mistoak izan zezakeela lekua eta zentzua. Bi helbururekin: batetik, herri hezitzailea berari ekarpen bat egitea ikastolatik eta, bestetik, kros mistoak berak beste pisu bat hartzea, astinaldi bat ematea.
Nola hartu da herri hezitzaile taldearen barruan proposamena?
Oso ondo. Taldea osatzen duten kide guztiek ikusi dute begi onez gure planteamentua eta, zentzu horretan, oso eskertuta gaude gu ere.
Ekimenera apuntatu dira guztiak: Atzegi, Xeye, Raka, Marea Urdina, herriko ikastetxe guztiak, eskola kirol kontseilua, udala, herri hezitzailea… Oso positiboa izan da, zentzu horretan, sortu den giroa eta eman den prozesua bera.
Eta zertan nabarituko da hori kros mistoan bertan?
Eragile gehiagok parte hartzeak eragin zuzena izango du, noski, bakoitzak emango baitio bere kolorea. Azpeitia herri hezitzaile moduan eraldatzen joan dadin kontuan hartu beharreko giltzarrien inguruan egituratu dugu dena, hor kokatu dugu ekimena.
Orain arte bezala, bikoteka izango da krosa. Hori da kros honen funtsa, eta horri eutsiko zaio. Baina mistoa hitzaren esanahia malguagoa izango da aurten. Ez da derrigor neska-mutil bikotea izango krosean. Izango dira belaunaldi desberdineko bikoteak, izango dira ezgaitasunen bat duen bat tartean duten bikoteak edo bestelako bikote mistoak, zentzu zabalago batean.
Bikoteka, festa giroan, korrika egitea izango da helburua. Sailkapenik ere ez da egongo aurten, ez dira denborak neurtuko. Eta, jende gehiagori aukera emateko, neurri desberdinetako zirkuituak ere egongo dira.
Zirkuitua ere aldatuko al da?
Bai. Neurri desberdinekoak antolatu ditugu, herriaren erdian egongo den zirkuitu bati bueltak emanez osatuko direnak. Luzeena izango da orain arte bezala 6 kilometro ingurukoa, baina motzagoak ere egongo dira. Helburua baita nahi duen orok bere neurriko bidea bilatzea.
Nola lotzen da ekimena ikastolako aisia-kirol eskaintzarekin?
Ikastolan 12-18 adin tarteari garrantzia berezia ematen diogu, aisia-kirol taldean ere horri begira ari baitira. Kros mistoan ere tarte horretako gazteekin lanketa berezia egingo da, Ikastolan eta baita beste ikastetxeetan ere. Uste dugu aisialdi ekimen interesgarria dela kros hau adin tarte horretako gazteentzat, zentzu bat baino gehiagotan.
Aldaketa handia dela ematen du.
Bai, bada salto bat, bai. Hala izatea nahiko genuke, behintzat.
Animo egunarekin ba, ea dena ondo irteten den.
Gu animatuta eta ilusionatuta gaude. Hemendik, gainerako guraso eta ikasleak animatu nahi ditugu parte hartzera. Ez da distantziaren aitzakiarik egongo. Bilatu bikotea eta ekin!