"Ikasleengan sinesten dugulako"

2019-10-09

Komunikazio Taldea: Elkarrizketarekin hasteko, nola definituko zenuke Jaione, LHko Proiektu Pedagogikoaren helburua?

Jaione Sagartzazu: Gure ikastolatik irteten diren pertsonek bizitza orekatua, osasuntsua eta zoriontsua izatea da gure Proiektu Pedagogiko berriaren helburua. Proiektu Pedagogiko berri hau, ikastolak ezarri dituen ikaslearen irteera profilean oinarritua dago. Gure ikasleek bizitzan erronka pila  aurkituko dituzte. Gure helburua, erronka horiei guztiei irtenbide egokiak eman ahal izatea da, azken finean, gizarte hobeagoa eraikitzeko ahalmena izan dezaten.

 

K.T: Helburu hori lortzeko, hainbat aldaketa aurreikusi beharko zenituzten zuk eta irakasle taldeak ezta?

J.S: Eraldaketa prozesua ez da atzo goizekoa izan. Proiektua sendotu, osatu eta eraikitzeko, LHko irakasleak IKASKIDETZAn formatzen hasi ginen, 2013/2014 urtean. Honez gain, HHn hasitako proiektuari jarraipena eman nahi genion. Komunikazio Ez Bortitzaren oinarriak zeintzuk diren jaso genuen Nerea Mendizabalen eta Pilar de la Torreren eskutik. Eta hemen, ikastolan, LHko irakasleok elkarlanean hausnarketak egin genituen: haurren eta irakasleen ezaugarriei buruz, ikasle moten inguruan, haurren eta irakasleen denboraren eta espazioen erabilerei buruz, ebaluazioaren inguruan… prozesu askoren ondorioa da orain daukagun Proiektu Pedagogikoa.

 

K.T :IKASKIDETZAn lanean hasi zinetenean zer ikusi zenuen?

J. S: Ikasleek modu aktiboan, testuinguru hurbiletan oinarrituta, elkarrekin lana eginez eta emozionatuta ikasten dutela ikusi genuen. Irakaskuntza eraldaketa horretan erabat sinisten hasiak ginen eta ikaslea ikusteko modua aldatu zitzaigun. Gainera, lehen esan dudan bezala, HHko proiektuari jarraipena eman nahi genion.

 

K.T : Irakasteko eraldaketa prozesuarekin abiatu zineten. Nolakoa izan da prozesu hau urte hauetan guztietan?

J.S: Guraso eta irakasleak elkarlanean, espazio berriak egokitzen hasi ginen. Ikaslearen autonomia lantzeko guneak sortu behar genituen alde batetik, eta bestetik aniztasunari erantzun behar genion. Mikroespazioen antolaketarekin hasi ginen horretarako. Baina honekin guztiarekin hasi aurretik lan handia egin genuen: beste ikastetxeen esperientziak ezagutzen aritu ginen. Euskal Herriko hainbat ikastola ezagutu genituen, eta kanpoko ikastetxeak ere bai. Adibidez, Bartzelonako Martinet Ikastetxea eta Madrileko beste hainbat eskola.

 

K.T : Proiektu berrian murgiltzeko formakuntza saioak ere izango zenituzten ezta?

J.S: Bai! IKASKIDETZAn hiru urteko formakuntza saioa burutu genuen. Adimen Anitzei buruzko formakuntza jaso genuen Javier Bahón irakasle eta pedagogoaren eskutik. Angel Pérez Gomezek ebaluazio sistemaren aldaketaren beharrari eta ikaslea bizitzarako prestatzeari buruzko formakuntza eman zigun. Ikastolen Elkartearen hainbat mintegitan parte hartu dugu: matematika eskuetara edo matematika manipulatiboa, irakurketa-idazketa, lehenengo zikloko erreferenteen mintegiak.

 

K.T : Eraldaketaren baitan, ebaluazio sistemaren kontzeptuak ere aldaketa izango zuen, nolakoa da berau ?

J.S: Bai, noski. Proiektuaren oinarrian ebaluazio sistemaren aldaketa egin genuen. Gure ebaluazio sistemak ikaslearen garapen pertsonal eta akademikoa deskribatzen ditu. Proiektu Pedagogiko honek, uneoro martxan jarritakoa ebaluatu, hausnartu eta hobekuntzak proposatzea eskatzen du.

Proiektu hau gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan da ekipo lana eta irakasle taldearen elkarlana, eta egin dugun bideaz eta lortu ditugun emaitzekin oso gustura eta erabat motibatuta gaude.

Ikusi argazkiak 2019ko iraila LH