Azpeitiko ikastolako Ikasleen Irteera Profila

2019-10-02

Eredu pedagogikoaren berrikuntza eta eraberriketan aitzindari izan gara betidanik ikastolak. Eta horrek bertan goxo gelditu beharrean, etengabe hobekuntzak egiten aritzea dakar.

Espazio moldagarriak, azken teknologiak, ikasmaterial berritzaileak, eduki digital modernoak, … guztia ikaslearen irteera profiletik eraikitako hezkuntzaren zerbitzura. Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, integrazioaren pedagogiaren bitartez eta euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin. 0-2 etapatik hasi, eta Batxilergora bitartean hezkuntza eredu propioa, eskaintza integrala, euskalduna, herritarra eta  eraldatzailea eskaintzen dute ikastolek. Horretan oinarritzen da IKASTOLA EREDUA; oinarri horiekin ari dira ikastolak “ETORKIZUNERANTZ HEZKUNTZA ERALDATZEN”.

Horretan ari gara gure ikastolan ere. Azpeitiko ikastolan ikasle “Euskaldun”, “Emozional”, “Enpatiko”, “Kritiko”, “Autonomo”, “Komunikatzaile”, “Sortzaile”, “Ekintzaile”, “Parte hartzaile” eta “Osasuntsuak” hezi nahi ditugu. Beraien ikastolako etapa bukatzean, 10 ezaugarri (IIP) hauek dituzten ikasleak lortzea da gure helburu nagusia.

Urteetako hausnarketek beren fruitua ematen ari dira eta etapaz etapa fruitu horren ondorioak ikusten ari gara. Horrela, azken urteetako prozesu geldiezinari jarraituz, aurtengo ikasturtea ere berrikuntza eta aldaketaz josia etorri da. Ikuspegi eta lan egiteko eredu berriek espazio berrietan dute erreflexurik garbiena. Bagoaz eskaileretan gora eta ikasturte berrirako LHko solairuan ikusiko dituzue aldaketarik handienak: paretak bota dira, altzariak berrantolatu dira, material berriak gehitu dira,… Baina etapa guztiak ari dira bere bidea egiten helburu komun batekin, ikastolatik irteten diren pertsonek bizitza orekatu, osasuntsu eta zoriontsua izan dezatela, aurkituko dituzten erronka, egoera edota arazo desberdinei (lan, akademiko sozial nahiz pertsonalei) irtenbide egokiak emanez gizarte hobeago bat eraikitzen laguntzeko.

2019ko iraila HH

2019ko iraila LH

2019ko iraila DBH-DBHO