“Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspegitik” jardunaldia larunbatean

2019-09-09

Duela bi urte hasi ginen Azpeitia Herri Hezitzailearen ekimenarekin, asmoa zen balioen hezkuntza sakontzea helburu duen filosofia herrian txertatzen jarraitzea. Ekimen hau herriko ikastetxeak, udala eta herrigintzako eragileak barne biltzen dituen hezkuntza proiektua da. Lan horretan, pasa den urtean, herri mailako diagnostiko bat burutu zen, gaur egun, balioen hezkuntzan ditugun indar gune eta ahulguneen inguruko hausnarketa konpartitua egin zen. Diagnostiko hartan hainbat erronka jaso ziren, eta horietako bati helduko zaio irailaren 14an.

Diagnostikoaren emaitzak aztertzeko antolatu zen jardunaldian, non herriko eragile ugarik parte hartu zuten, sarri azpimarratu zen Eskola Kirolak balioak lantzeko duen indarra eta gaitasuna. Ondorioz, beharrezkoa iruditu zen jardunaldia hau antolatzea, besteak beste, esparru horri bultzada eman nahi zaiolako eta, orain arte, egin den ibilbidearen aitortza egiteko.

Jardunaldi honekin, Eskola kirolak herriko ikastetxeen, udalaren eta gurasoen arteko elkarlanarekin haurren garapenean izan dezakeen garrantzia azpimarratu nahi da. Kirolaren bidez, guztiok elkar banatzen dugun norabidea finkatu eta elkarrekin lan egiteko oinarriak sendotu nahi dira balioen hezkuntzan sakontzeko. Beraz, jardunaldi hauetara gonbidatu nahi ditugu eskola kirola posible egiten duten pertsona oro: hezitzaileak, ikastetxeak, gurasoak, udaleko ordezkariak, kirol elkartetako kideak eta nola ez gaian interesa duen edonor. 

Gai hau lantzeko, Soreasu antzokian, irailak 14an, goizeko 10:00tatik 13:00tara egingo den jardunaldian, hainbat adituren testigantzak eta esperientziak entzuteko aukera izango dugu.  Bertan, hizlari gisa arituko dira Udaleko ordezkariak, ikastetxeetako zuzendariak, Azpeitia Herri Hezitzaileko talde eragileko kideak, Kirol Kontseiluko ordezkariak, Ales Astigarra Eskola Kirolean hainbat urtez Foru Aldundiarentzako lanean aritu den profesionala eta, Uxua Gainza psikomotrizitatean aditua.

Jardunalditarako sarrera irekia eta doakoa izango da eta ez dago aurrez izena eman beharrik. Norbaitek zaintza zerbitzua beharko balu edota informazio gehiago nahiko balu, idatzi herrihezitzaile@azpeitia.eus helbidera.

 

ESKOLA KIROLA, HERRI HEZITZAILEAREN IKUSPEGITIK

Egitaraua

10:00 – Udaleko ordezkariak. Ongi etorria eta jardunaldien aurkezpena.

10:30 – Herriko hiru ikastetxetako zuzendariak. Eskola kirola eta bere garrantzia hezkuntzan.

11:00– Azpeitia Herri Hezitzailea ekimeneko kidea. Herri Hezitzailea filosofiaren aurkezpena eta eskola kirolarekin lotura.

11:30 – Atsedenaldia

11:45–  Uxua Gainza eta Alex Astigarraga adituekin mahai ingurua.

13:00 – Galderentzako tartea eta amaiera