Haur Hezkuntza 0-6 urte. KIMU

AZPEITIKO IKASTOLAN, etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarri eta ezagutza sendoak dituzten norbanako euskaldun aske eta burujabeak heztea dugu helburu.  Bide horretan lehen urratsak emateko Haur Hezkuntzan KIMU PROIEKTUA dugu martxan.

Haur Hezkuntza, haur eta pertsona gisa garatzeko oso etapa garrantzitsua da, 0-6 urte bitartean errotzen baitira pertsonaren oinarriak. Horregatik KIMU Proiektuan haurra jartzen dugu erdigunean, haur bakoitza bere garapenaren protagonista izan dadin .

KIMU PROIEKTUAREN OINARRIAK

Kimu proiektuaren oinarrian, hezkuntza ulertzeko modu berezi bat dago . Haur bakoitzaren berariazko garapenarekiko konfiantza eta errespetua lehenesten ditugu, haur bakoitzaren erritmoak eta ezberdintasunak kontuan hartuz.

Ikastolara datorkigun haurrari buruzko ikuskera, metafora baten bidez azaldu daiteke .

Ernetzen ari den hazia bezalakoa da haurra, berez dakar landare bihurtzeko behar duena. Nahikoa da lur egoki batean jarri, behar duen ura eta eguzkiaren beroa eta argia eskaintzea berak dakarren lorea emateko.

Haurra, jaiotzetik bizirauteko gaitasun guztiak dakartzan pertsona da. Gaitasun horiek berezkoak dira, ez ditu ikasi behar, ez dira irakasten, garatu egiten dira modu batera edo bestera eskainiko zaizkion testuinguruaren arabera.

Horregatik Kimu proiektuaren bitartez, garapen-testuinguru aberatsa eta segurua eskaini nahi diogu haurrei, haur bakoitza bere erritmoan, bere esperimentatzeko grinatik eta ekintza autonomotik abiatuz, modu osasuntsu eta orekatuan garatu dadin.

Kimu proiektuaren ardatzak

1.- HEZKUNTZA FAMILIA

Ikastolaren eta familien helburua bera da, haurraren zoriontasuna eta garapen integrala gauzatzea. Haurraren ongizaterako irakasleen eta gurasoen arteko harreman estua oinarri duen hezkuntza familia gara Ikastola.

2.- HAUR AKTIBO eta AUTONOMOAK

Jolastuz, esploratuz eta esperimentatuz gauzatzen du haurrak bere garapen kognitiboa. Ikasteko beharrezkoa da ekintza. Horregatik ikastolan haur aktiboak nahi ditugu haur bakoitza da bere ikaskuntza prozesua bideratzen duen agente aktiboa. Bere interesetik abiatuta ikasten du, eskaintzen zaion testuinguruan autonomoki   erabakiak hartuz. Haurraren prozesu honetan, heldua bidelagun izango duelarik.

3.- ADIN EZBERDINETAKO HAURREN INTERAKZIOA

Haurrek imitazioz eta elkarrekin izaten dituzten interakzioetan ikasten dute. Txikienek handiek egiten dutena imitatzen dute eta aldi berean, handienek txikienekiko zaintza jokaerak garatzen dituzte. Hori horrela, adin ezberdinetako haurrak egunerokotasunean elkarrekin egoteko aukera ezinbesteko oinarri da gure proiektuan.

4.- ESPAZIO ETA DENBORA EGOKITUAK

Haurra bere burua eta ingurua ezagutzen ari den garai honetan, beren garapenari egokitutako eta  aurrera egiteko erronka ezberdinak suposatzen dieten espazio eta material anitzak eskaintzen dizkiegu.  Denboraren banaketak ere garrantzia handia hartzen du KIMU proiektuan, haurren  erritmoak errespetatuz,  ikastolaratze prozesuan zein egunerokoan haurrei eta familiei egokitutako ordu banaketa malguak eskaintzen dizkiegularik.

5.- NATURAREKIN ETENGABE HARREMANETAN

Haurraren hazkuntzarako gaitasun naturala, naturarekin  interakzioan modu integral eta osasuntsuan garatzen denez, naturarekin harremana ezinbesteko baliabide pedagogiko bilakatzen da kimu proiektuan. Horregatik eta gure ikastolaren kokaguneak  eskaintzen dituen aukerak baliatuz, kanpo espazioarekin eta naturarekin harreman zuzena   dugu.