Argazki erraldoia Euskaraldiaren alde

2018-09-26

Gure Ikastola, Euskaraldiarekin bat eginik, herriko gainontzeko ikastetxeekin elkartu gara argazki eder hau ateratzeko, Ikastola barruan egiten ari garen lana kaleratu eta girotu asmoz.

Gure Ikastolak, herriko beste ikastetxeekin  bat egin du Euskaraldiarekin, euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialarekin. Dagoeneko lanean ari gara egitasmo honen berri ematen kontzientzia piztuz.

Eskoletako kideok Euskaraldiaren batzordean parte hartzen dugu, hezkuntza gune egokia delako baloreak transmititzeko eta haur eta gaztetxoekin hartu-emanetan egoteko. Hezkuntza eragile garenok paper garrantzitsua dugu euskararen normalkuntzan.

Dagoeneko batxilergoan arnasguneen eta Euskaraldiaren inguruko tailerrak ematen ari gara, Udalaren eta UEMAren laguntzarekin. Ondoren, gainontzeko zikloetan ere landuko da gaia.

Eskolen parte-hartzearen helburua da ikasleak euskaldun bezala ahalduntzea, eta Euskaraldian zein eguneroko bizimoduan beraien ekarpena egitea. Izan ere, herri euskaldunetako herritarrek asko dute emateko ariketa sozial honetan, Azpeitian zein Azpeititik kanpo.