KiVa saioa

2018-05-25

Pasa den asteazkenean, gurasoei eskainitako KiVa programari buruzko saioa burutu zen ikastolan. Bertan, bigarren urtez jarraian ikasleekin egindako lanaren berri izan zuten bertaratutakoak. Horretaz aparte, gurasoen paperari buruzko hausnarketa gauzatu zen.

Bigarren urtez jarraian, eskola jazarpenaren aurkako KiVa programarekin ari gara lanean gure ikastolan. Iaz eman genituen programa ezagutu eta ezartzeko lehen pausoak, eta gaian sendotzeko aukera izan dugu bigarren ikasturte honetan.

Eskola jazarpenari izena jartzen dio Kiva programak, eta zehazki lantzen du modu sistematiko eta progresiboan, txikitatik hasita, ikastetxe osoa inplikatuz.

KiVa programaren oinarria taldearen paperean dago. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da muina, lekukoak inplikatzea, eta biktimarekin enpatizatuz eta hura lagunduz eta defendatuz, erasotzaileari aurre egitea.  Jazarpena bizi izan duten lagunek, hazten direnean, erasotzailearen mehatxu eta irainak baino gehiago gogoratzen dituzte  sarritan ingurukoen isiltasuna eta pasibotasuna.

Programaren helburuak, prebentzioa batetik eta protokoloa bestetik dira. Prebentzioa, jazarpen kasu gehiago gerta ez daitezen eta protokoloa, jazarpen kasuetan erantzun eraginkorra emateko.

Ezinbestekoa da beraz, Ikastolako eragile guztion lan bateratua, ikasleekin egiten den jarduera indartzea gurasoen parte hartzearekin.

Helburu honekin gauzatu zen gurasoentzako saioa. Ikastolako KiVa taldeak gidatuta, programaren oinarrizko ezaugarri teorikoak berrikusteaz gain, kasu errealen inguruko hausnarketa bideratu zen.