EUSKARALDIA
2018-03-09Euskaraldia edo Euskaraz 365 egun egitasmoa prestatzen ari dira Euskal Herriko udalerrietan, 2018ko azaroa eta abendua bitartean 11 egunez euskararen erabilera sustatzeko. Proposamena Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak egin dute, eta herriz herri zabaltzea dute helburu. Agurain (Araba), Egia (Donostia) eta Lasarte-Oria (Gipuzkoa) bezalako herrietan egindako ekintzak dituzte oinarrian, eta esperientzia horietatik abiatuta, udalerri bakoitzak aukera izango du egitasmoa bere erara moldatu eta antolatzeko.
KOKAPENA
2017ko maiatzean aurkeztu zen Euskaraldia egitasmoa, Udaltop jardunaldietan. Proposamena osatzen eta ondorengo ekarpenak egiten euskararen inguruko hainbat eragile, erakunde eta norbanako aritu dira. Honako hiru ezaugarriekin azaldu dute egitasmoa:
< >Osagarritasuna: Euskarak 365 egun dinamikak euskararen erabilera sustatzeko abian dauden horrenbeste ekimen eta programen osagarri izateko bokazioa dauka.
Malgutasuna: Euskarak 365 egun dinamika herri edo eremu bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren eta lehentasunen arabera moldatu beharra dauka.
Abiatzea: Zenbait eragile dinamikan murgilduta daude honezkero, eta ekimena martxan jartzeko lanean ari dira. Proposamena luzatzen zaie herriko euskalgintzako gainontzeko eragileekin harremana har dezaten, ekimena elkarlanean diseinatu eta garatzeko; izan euskalgintza soziala zein instituzionala.
PROPOSAMENA
Euskarak 365 egun dinamikaren lehen geltokian, euskaltzaleak aktibatu nahi dira beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egun euskaraz ekimena gauzatu nahi da Euskal Herri osoan.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi eta belarriprest bihurtu nahi dira.
Ahobiziak, ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere).
Belarriprestak, berriz, gutxienez euskaraz ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena egiten dietenak.
Ondoren, 2019rako beste proposamen bat egingo da, herritarretatik harago gaia lantzeko. Urte batean, pertsonen nahian oinarrituz, hizkuntza-praktika sozial berriak bultzatuko dituen ekimena sustatuko da, eta hurrengo urtean, entitate mailako urratsak oinarri hartuz, praktika sozial berri horiek erraztuko dituzten neurri sozialak hartzea (eta daudenak bistaratzea) izan daiteke proposamen honek jasotzen dituen helburuak urtez urte eta modu progresibo batez lantzen jarraitzeko era egoki bat.
GONBIDAPENA
Euskal Herriko erakundeek eta herri eragileek bat egin dute ekimena herriz herri bultzatzeko eta antolatzeko, eta Azpeitian ere ari gara lanean. Euskara Mahaia hasi da aztertzen Euskaraldia nola landu Azpeitian. Izan ere, Azpeitia udalerri euskalduna da, baina badugu zer hausnartu eta zer aztertu. Horregatik, aurrerantzean egin dezakegun bideaz eta izan ditzakegun erronkez hitz egiteko Kike Amonarrizek hitzaldi bat eskainiko du martxoaren 20an, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.