I. HEZKUNTZA JARDUNALDIEN INGURUKOAK

2015-05-08

Ikastolak bere I. Hezkuntza Jardunaldiak antolatu ditu Berritzen Ikasten Ikasteko lelopean. Aurreko Klikazetatan, medioetan eta kalean ere nabaria izan da jardunaldien presentzia.

Helburu bikoitzarekin antolatu dira jardunaldi hauek.

Batetik, hezkuntza, gure eguneroko lana etxeetara, familetara, herrira hurbiltzea. Zertan gabiltzan eta ikastolan aurrera eramaten ari garen proiektu berritzaileen berri ematea.

Bestetik, irakaskuntzan gaur egun gertatzen ari diren aldaketak ekarri nahi izan ditugu hainbat adituren ahotik.

Bigarren gai honen inguruan izan dira azken bi hitzaldiak:

Xabier Arregi, Mondragon Unibertsitateko ikerlari adituak IKASKIDETZA proiektuaren berri ekarri zigun. Orain bi urtetik ikastolan martxan dugun proiektua da Ikaskidetzarena. Arregik proiektuaren nondik norakoak ikastolako arduradunekin eta LH2ko tutorearekin batera azaldu zizkigun. Aurtengo ikasturtean maila bakoitzean unitate bat berdiseinatu da Ikaskidetzaren printzipioetatik abiatuta gelan nola aplikatu den azaldu ziguten.

Jabier Bahonek, berriz, “Adimen anitzak eta pentsatzen ikastea” izan zituen hizketagai San Agustin kulturgunean. Bahon gai honetan aditua da eta urteak daramatza Howard Gardnerren teoriak hartu eta irakaskuntzan aplikatzen. Ikaslearen beharretara egokitzearen garrantzia aipatu zuen behin eta berriro. Aniztasunari modu bateratu batean erantzun eta horretarako bideak jarri beharraz aritu zen.

Jardunaldien balorazio positiboa egin da. Helburuak guztiz bete baitira. Lehen pausua eman da jardunaldiei dagokionez, orain hurrengo urtekoei begira jarriko gara.