Mahai-ingurua: 'Gazteak eta indarkeria matxista'

2014-11-21

Azkoiti eta Azpeitiko Hezkidetza Forotik ondorengo gonbitea luzatu digute. Bi udalek bultzatzen duten Hezkidetza Planaren barruan iaz Hezkidetza Foroa osatu zen. Bertan parte hartzen dute Azkoiti eta Azpeitiko ikastetxe guztiek, baita bi udaletako Berdintasun Sailek eta Gazte Zerbitzuak ere. Hezkidetza Foroan hainbat proiektu ari dira garatzen neska eta mutilen arteko berdintasuna sustatze aldera. Horietako bat indarkeria sexistari aurre egiteko urratsak ematea izan da.

Horrela, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako eguna dela baliatuz, adierazpen publiko bat adostu da Azkoiti eta Azpeitiko ikastetxe guztien artean.

Horrez gain, mahai-inguru bat antolatu da azaroaren 24an, arratsaldeko 19:00etan Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean “Gazteak eta indarkeria matxista, zertan ari gara? Nola egin aurre?” izenburupean.

Mahai-ingurua gurasoei zuzenduta dago, gure seme-alaben errealitatea ulertu, eta indarkeriari aurre egiteko estrategiak lantze aldera. Bertan parte hartuko dute Josebe Iturriotzek (Medeak Talde Feministako kidea), Susana Manzanedok (Sortzen Aholkularitzako kidea), eta Haizea Egiguren eta Axier Bagliettok (Hezkidetza Programaren arduradunak). Mahai-ingurua Lorea Aizpuruk gidatuko du.