IKASTOLEN KOMUNITATEAK BABESA AGERTU DIO KASKAROTENEA IKASTOLARI
2014-10-25Euskal Herriko ikastolen babesa jaso du gaur Ziburuko Kaskarotenea ikastolak, Durangon egin den agerraldi jendetsu baten bitartez. Ikastoletako dozenaka ordezkari (zuzendari, irakasle, guraso, ikasle…) elkartu dira agerraldian, eta Kaskaroteneari babesa emateaz gainera, azaroaren 8an Ziburun egingo den manifestaziora dei egin dute.
Euskal Herriko ikastolen babesa jaso du gaur Ziburuko Kaskarotenea ikastolak, Durangon egin den agerraldi jendetsu baten bitartez. Ikastoletako dozenaka ordezkari (zuzendari, irakasle, guraso, ikasle…) elkartu dira agerraldian, eta Kaskaroteneari babesa emateaz gainera, azaroaren 8an Ziburun egingo den manifestaziora dei egin dute.
Agerraldian, Kaskaroteneko lehendakari Laida Mujikak ikastolari buruzko azken berriak eman ditu. Jakina da duela egun batzuk uxerrak orain arte pilatutako isunak ordainarazteko agindua eman ziola ikastolari. Orain, berriz, uxerraren beste bisita bat izan dute: Ziburuko alkateak ikastola husteko agindua eman die, bestela ikasatola hustera jendarmeak bidaliko dituela mehatxu eginez.
Gauzak horrela, are beharrezkoagoa jo dute azaroaren 8ko manifestazioan argi eta ozen adieraztea Ziburuko alkateari, ikastolek ez dituztela onartuko horrelako eraso eta mehatxurik. Era berean, auzapezari dei egin diote, ikastolak berak eskatu bezala, mahai baten inguruan eseri eta auziari konponbidea ematera. Manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte, era berean, erakunde, eragile eta herritar oro.
Hemen dituzue, gaurko agerraldian egindako adierazpenak
Laida Mujika eta Paxkal Indo, Kaskaroteneko lehendakaria eta Seaskako lehendakaria:
Jakina denez joan den ostegunean Guy Poulou auzapezaren aginduz, uxerra Kaskarotenea ikastolan izan zen, agorrilaren 29ko Paueko administrazio epailearen erabakia bete ez dela eta ikastolak bertan segitzen duela konstatatzeko. Biharamunean, ostiralean, uxerra Baigorrin izan zen Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren etxean, eta 4 370,30 €ko faktura bat aurkeztu zion : irailaren 11z geroztik 100 euroko isuna eta akta ezberdinen kostuak. Uxerrrak faktura zortzi eguneko epean ordaintzeko agindu zion, bestela uxerrak zuzenean Seaskaren kontutik hartu edo Seaskaren ondasunak sesitzeko ahalmena jakinarazi zion.
Isuna ordainaraztearekin ez aski, haurrei argindarra eta berogailua moztearekin ez aski, auzapezak mehatxu berri bat egin dio Ziburuko ikastolari. Hala nola, uxerraren bidez, ikastola den gunea berehala husteko agindua eman dio ikastolari. Eta tokiak berehala hustuko ez balira, poliziaren indarra erabiltzeko mehatxua egin du auzapezak. Sinestezina dirudi, baina 2 eta 4 urte bitarteko haurrak, heien andereñoa eta laguntzailea kanporatzeko polizia erabiltzeko prest da Guy Poulou auzapeza.
Seaskak dei egin nahi die Ziburutarrei, euskal gizarteari, Euskal Herriko agintariei, Ziburuko auzapezaren ankerkeria galeraz dezaten.
Omiasainduko bakantzen ondotik, haurrak ikastolara joanen dira azaroaren 3an. Ikastolen mugimenduak manifestaldia deitu du azaroaren 8rako, baina azaroaren 3ko sartzetik landa, gerta daitekeenaren aitzinean adi egoteko deia luzatu nahi genuke.
Gisa berean, Polizi indarren arduradun den Prefetari ere dei egin nahi dio Seaskak, ez dezan halako kanporaketarik baimendu eta Guy Poulouk nahi duen haur horien deseskolatzea bultzatu, ikastolaren lokaletan segitzea eragotziz, jakinez osoki libre diren Zokoako Jules Ferry eskolako egoitzara joatea eragotzi nahi digula.
Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Kaskarotenea ikastolako lehendakariarekin eta Seaskako ordezkariekin batera, Euskal Herriko ikastoletako dozenaka zuzendari, irakasle, guraso eta ikasle gatoz hona:
• Lehenik eta behin, ikastola honekiko Ziburuko Herriko Etxeak, eta, bereziki, auzapezak erakutsiriko jokabidea salatzera. Ikastolak eta Seaskak auzi honi irtenbidea emateko eskaerari ezetza eman, eta, gainera, orain muturreko neurriak hartu ditu ikastola kanporatzeko, indarkeria mehatxuak eta guzti, oraintxe ezagutarazi dizuegun moduan. Jokabide horrek ez du lekurik ziburutar ororen agintari, baina ziburutar ororen zerbitzari ere izan behar duen auzapez baten eginkizunetan.
• Era berean, hona etorri gara, Kaskarotenea ikastolari Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adieraztera, eta baita erakustera Ziburuko auzapeza ez dela ari Kaskarotenearen aurka soilik. Seaskaren aurka eta ikastola mugimendu guztiaren aurka ari da.
• Horri lotuta, erakundeei, eragile guztiei dei egitera ere etorri gara. Hau ez delako, arestian esan bezala, ikastola bakar baten aurkako erasoa; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainontzeko eragileek ere badute erantzukizuna.
• Amaitzeko, euskal gizarteari ere dei egitera etorri gara, ikastola honek herritarren hatsa izan dezan, auzapeza ohar dadin ez dizkiogula onartuko halako erabakiak, eta, ikastolak dei egin bezala, has dadin, elkarrizketaren bidez, benetako irtenbide baten bila.
Horregatik, dei egiten diegu ikastolako komunitateko kide guztioi, eragile guztioi eta herritar guztioi parte hartzera datorren azaroaren 8an, larunbatez, Ziburun egingo den manifestazioan. “Ikastolak ez hunki” leloa izango du, eta arratsaldeko 4etan abiatuko da herriko plazatik.
Kaskarotenea ikastolako komunitateak, Seaskak eta Euskal Herriko ikastolek argi baitaukagu: Ikastolak Ziburun jarraituko du.