Ikastolen mendeurrenaz erreportaje berezia ETB1en

2014-09-27
100 urte bete dira 1914an Miguel Muñoa euskaltzaleak lehen ikastola martxan jarri zuenetik. Hori dela eta, Euskal Herriko Ikastolen 100 urteko historia biltzen duen erreportaje berezia prestatu du Orio ekoiztetxeak, eta gaur izango da ikusgai ETB1en, 22:00etan. ‘100 urte ikasgelan euskaraz’ saio berezia Kike Amonarrizek gidatuko du.
Gutxitan izaten ditu euskarak halako ospakizun eztiak gozatzeko aukera. Izan ere, gorabeheraz eta oztopoz betetako 100 urte izan dira hauek. Nolakoak izan ziren hastapen haiek? Zein zen ikastolen lehen harria ipini zuten haien asmoa? Nolakoak ziren orduko andereñoak? Zaila da garai hura irudikatzea. Horregatik, urte haien peskizan aritu dira, orduko giroa ezagutzeko asmoz.
Hau ez da, ordea, iraganari buruzko azterketa hutsa, gaur egungo errealitateari ere erreparatuko baitiote. Nola egin dute ikastolek gaur egungo gizartearen beharrizanei erantzuteko? Zein ibilbide egin dute? Zertan aldatu dira? Galdera asko dira, eta erantzunak, askotan, harrigarriak direla ikusiko dugu.
Hau guztia kontatzeko, kontakizun kronologikoa baztertu eta ikasgaien bidezko kontakizuna hobetsi dute. Ikasgai bakoitzean, eta Kike Amonarriz aurkezlearen laguntzarekin, ikastolak alor horretan eginiko eboluzioa aztertuko dute; hasi pedagogiatik, segi plastikatik eta geografiaraino. Ikasgaiz ikasgai, 100 urteotako laburpena ikusiko dugu.
Horretarako hamaika gonbidaturen laguntza izango dute: Maria Angeles Garai Bilboko lehen andereñoa ezagutuko dute, edota Felix Goldarazena Tafallan ikastola irekitzeko ekimena izan zuen gizon euskaltzalea. Ezin ahaztuko dituzte ikastoletatik pasatutako hainbat ikasle ezagun ere, besteak beste, Mikel Urdangarin edota Ines Osinaga, biak ere kantariak. Koldo Telllitu ikastolen elkarteko lehendakariarekin eta Paskal Indo Seaskako lehendakariarekin egongo dira, eta, besteak beste, ikastolarik berriena eta txikiena ezagutuko dute.