EMAKUMEAREN EGUNEAN, ALDARRIA NAGUSI

2017-03-10

ASKO EGIN DA, BAINA ASKO DAGO EGITEKO

Urteko egun guztiak dira emakume nahiz gizonezkoek, lanean nahiz aisialdian duten tokiaz hausnartzeko egokiak. Baina urtero, martxoaren 8an, hausnarketa horrek indar berezia hartzen du eta beste hausnarketetatik bereizten dugu bizi dugun errealitateaz zertxobait gehiago jabetzeko. Eta horrek hala izaten jarraituko du emakumearen aurkako diskriminazioa desagerrarazi eta emakumeak gizarte-garapenaren prozesuan erabateko partaidetza izatearen aldeko baldintzak betetzen ez diren bitartean.

 Horrela gertatu da aste honetan gure ikastolan ere. Ikastolako Hezkidetza Programa zabalaren barruan kokaturik (jolaslekuko guneen banaketa, ospatzen ditugun festen estereotipoak, jolas kooperatiboak,… lantzen dira besteak beste programa honetan) EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA indartsu ospatu dugu eta ospatzen ari gara hainbat jarduera eta ekintzekin.

Hauen emaitza ikusteko aukera izan dugu azken egunetan ikastolako sarreran eta ikusteko aukera izango dugu asteburu honetan Udal erakusketa aretoan (Foru Pasealekua 7).

Martxoaren 8-10 bitartean

“BELDUR BARIK” ikasleek egindako adierazpen ezberdinen erakusketa izan da ikastolan.

Martxoaren 10-16 bitartean

“BELDUR BARIK” Azpeitiako ikastetxeetako ikasleek egindako adierazpen ezberdinen erakusketa izango da Udalaren erakusketa aretoan.