Euskara eta kulturartekotasuna
2023-09-11Ikastolak egitasmo berria abian jarriz eman dio hasiera ikasturteari: 23-24 honetako erronka nagusietako bat izango da ‘Euskara eta Kulturartekotasuna’ proiektua. Honen helburua honakoa da: Azpeitia bera eta Ikastola euskararen arnasgune diren heinean, euskaraz bizitzen jarraitzea bertan, era berean komunikazio eta harreman bideak eraikiz eta indartuz euskara ez darabilten ikas komunitateko familiekin. Herrian gertatzen ari den bezala, Ikastolaren errealitate soziolinguistikoa eta kulturala eraldatzen ari da. Gero eta gehiago dira euskara etxeko hizkuntza ez duten ikasleak, bestelako jatorrizko hizkuntza eta kultura dituztenak. Ikasle horien familiek sarri arazoak dituzte ikastolako guraso bileretan, mugikorretako taldeetan edo patioan umeen bueltan sortzen diren guraso taldeetan; bertan daude, baina maiz oso urrun senti daitezke. Horiekiko komunikazio bide eta jarrera abegikorrak sortzea izango dugu erronka, beraz.
Atzo aurkeztu zuen egitasmoa Azpeitiko Udalak eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran eta proiektua garatu duten UEMAko eta HUHEZIko ordezkariak. Zalbidian abiatu zuten lehen aldiz egitasmoa, eta Azpeitia izango da arnasgune diren udalerrien artean proiektua hartuko duen lehen herri handia.
Udaberrian jaso zuen Ikastolak, herriko gainerako ikastetxeekin batera, proiektuan parte hartzeko gonbidapena, eta hasieratik ikusi zuen garbi bai Ikastolako zuzendaritzak bai Artezkaritza Batzordeak bertan parte hartzeko beharra. Ikastolako Zuzendaritza Taldeko Mari Azkuek atzoko aurkezpenean azaldutako moduan, batetik “aspalditik mahai gainean zegoen kezka eta behar bati erantzuten diolako”; eta, bestetik, “Ikastolaren izaerarekin bat egiten duelako”: parte-hartzean oinarritzen da egitasmoa, euskara du ardatz, eta kulturartekotasunaren gaiari euskalduntasunetik erantzun nahi dio.
Ikastolan proiektua aurkezteko batzarra irailaren 13an
UEMAko eta HUHEZIko ordezkariek datorren asteazkenean, irailaren 13an, aurkeztuko dute proiektua Ikastolan. Batzarra 19:00etan izango da, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Bertan azalduko den moduan, proiektu honek bi helburu ditu: euskara komunikazio-hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, euskara ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea zein haien parte-hartzea sustatzea. Euskara zaindu eta sustatuko dugu, gure
hizkuntza delako, batzen gaituena. Baina bide berriak bilatuko ditugu euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko eta parte aktibo izateko. Horretarako, honakoak izango dira kontuan hartu beharreko gakoak:
- Azpeitia euskaraz bizi den herria da, eta horrela izaten jarraitu nahi du. Ez dira asko gurea bezalako arnasguneak, eta erabakigarriak gara euskararen iraupenerako.
- Guraso batzuek ez dakite euskaraz, eta horien parte-hartzea bermatu nahi dugu. Haien seme-alaben integraziorako garrantzitsua da.
- Euskaraz dakiten eta ez dakiten familien arteko harremanak sendotu nahi ditugu, elkar entzunda eta elkar ulertuta. Horretarako, espazio batzuk konpartitu behar ditugu.
- Atzerritar jatorriko familia batzuk ere kezkatuta daude beren hizkuntzekin. Eskolek eta herriak hizkuntza horiekin ere adeitasuna erakutsi nahi dugu, elkarrekikotasuna oinarri.
- Maiatzean hasi ginen 35 laguneko talde eragile bat lanean. Bertan, herriko ikastetxeetako irakasle eta gurasoak gaude, euskaldunak eta euskaraz ez dakitenak. Horrez gain, hainbat eragilek eta Udalak ere parte hartzen dugu.
- Bide berriak bilatzen ari gara. Probatzen, ikasten eta hobetzen joango gara.
- Konplizitatea bilatzen ari gara, jarrera adeitsuak eta eraikitzaileak erabiliz.
- Ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan, tresna eta egiteko modu berriak abian jarriko ditugu ikasturte berri honetan: egoera guztietan euskaraz egiteko aukera, aldibereko itzulpenak, talde dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak…
Aurkezpen saioa
Gure Ikastolako gurasoentzat zuzenduriko aurkezpen saioa: irailaren 13an, 19:00etatik 21:00etara, Azoka Plazako aretoan. Animatu!!
Herritarrekin proiektuaren inguruko solasaldia: irailaren 14an, asteazkena; 18:30etik 20:00etara · Azoka Plazako aretoan
Euskara zubi eta helburu izatea nahi dugu. Denon artean eta denontzat egingo dugu!
Hemen duzue gaiaren inguruko Uztarriako artikulua.