0-6 GURASO ESKOLAren AURKEZPEN BILERA
2014-10-28Badira 8 urte 0-6 proiektuaren inguruko lehen pausoak ematen hasi ginela ikastolan. Aldaketa nahi batek, 0 eta 6 urte arteko haurren beharren hausnarketa sakona egitera eman gaitu eta emaitzak pixkanaka pixkanaka jasotzen ari gara. Ibilbide honetan 0-3 eta 3-6 bereizitako etapak izatetik, ikuspegi bateraturantz urratsa eman dugu eta 0-6 gunea sortu. Umea hartu dugu gure egunerokoaren zentru eta bere erritmo eta garapena errespetatuz, bere bidelagun bihurtu gara. Espazioak haurren beharretara egokitu ditugu. Espazio txiki eta itxietatik, espazio zabal eta irekietara pasa gara. Eta urte guzti hauetan ikastola barruan 0-6 taldearen elkarlana bultzatuz eta denon artean proiektua josiz.
Elkarlan horri hurrengo pausu bat ematea dagokio. Gurasoen prestakuntza 0-6 proiektuaren inguruan. Zuek ere prozesu horren parte garrantzitsu zareten heinean ezagutza hori konpartitzea, elkarbanatzea nahi dugu. Ikastolako irakasleekin egin dugun bide beretik, espazioaren, erritmoaren, harreraren edo umearen garapenaren inguruan zuekin gure ezagutzak elkarbanatu nahi ditugu eta 0-6 proiektu indartsu eta egonkor bat eraikitzen jarraitu. Eta esan bezala horretarako zuen partehartzea ezinbestekoa da.
Eta nola egingo dugu? 0-6 GURASO ESKOLA martxan jarriz. Hilean behin elkartuko gara gai hauen inguruan hitz egiteko. Kezka, zalantza eta proposamen berrien inguruan hitz egiteko.
Eta GURASO ESKOLA aurkeztu eta marko orokorraren ingurukoak azaltzeko bilera zabal bat egingo da, gehienbat 0-6 urte arteko gurasoei zuzenduta.
NOIZ: Urriak 29, asteazkena arratsaldeko 18:00etatik 19:30era
NON: Ikastolako liburutegian
OHARRA: Zaintza zerbitzua egongo da. Eskertuko genuke behar izanez gero izena ematea idazkaritzan antolaketa lanak errazteko.