110 ikaslek eman dute izena Hedatze proiektuaren estreinaldian

2022-10-21

Dagoeneko jakingo duzuen moduan, aurtengo ikasturterako proiektu berria jarri da martxan, Hedatze izenekoa. Hainbat aldaketa eta hobekuntza ekarri ditu hezkuntzara eta gure familietara, eta horien inguruko informazio garrantzitsuena ematera gatoz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) du eragina aipatutako egitasmoak, eta aldaketa handiena klaseetako ordutegian nabaritu daiteke. Asteko egun guztietan klase orduak goizez izango dira, eta arratsaldeetako orduak bestelako ekintzetarako erabiliko dira. Ekintza horien artean egongo dira errefortzu klaseak, hau da, irakasgaien batean zailtasunak edota behar bereziak dituzten ikasleek aukera izango dute laguntza klaseak jasotzeko irakasleekin. Horrez gain, aisiarako aukera ere egongo da, izan ere, jarduera fisikoa, baratzako lanak, ekintza kulturalak… egiteko eskaintza izango dute eskura irakasleen eta gurasoen eskutik. Horiek guztiak dohainik izango dira, familia guztiek aukera berak izan ditzaten. Modu horretan, etengabe aldatzen ari den eta kezkatzen gaituen aisialdi ereduei alternatiba berriak eta osasuntsuak eskainiko dizkie gure ikasleei.

Bigarren ebaluazioan, Kulturazen eskutik, dinamoan tailerrak jasoko dituzte, eta hirugarren ebaluazioan, berriz, herriko kirol patronatuak kiroletako hainbat saio eskainiko ditu. Horiek herri mailan antolatutako ekintzak izango dira, hots, herriko hiru ikastetxeetako ikasleek elkarrekin burutuko dituzte jarduerak.

Ikastolako Hedatze proiektuaren ardunen, hau da, Olatz Arregiren (ikastolako lehendakaria) eta Joanes Otamendiren (ikastolako DBH-DBHOko zuzendaria) hitzetan, onuragarria eta beharrezkoa izango da ekimen berri honen inplementazioa: “Ikastolako eskaintza pedadogikoa sendotzeaz gain, behar gehien dituzten ikasleengan arreta handiagoa jartzea da helburu nagusietako bat. Hezkuntza formala eta ez formala uztartzeak, balio erantsia emango dio ikastolari, eta gure komunitateko eragile guztien parte hartzea sendotuko du.”