2. saria Aniztasunetik Eraikiz bideo lehiaketan

2018-12-11

Giza eskubideak oinarritzat hartuta gure inguruko aniztasunera gerturatzea helburu duen “Aniztasuna Eraikiz” proiektuaren,  DBH 4ko ikasleek 2. saria lortu dute bideo lehiaketan. 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 70 urte betetzen ditu 2018an. Deklarazio honek pertsona guztien berdintasuna goraipatzen du. Gure mundu modernoan hainbat hobekuntza izan dira pertsona guztien berdintasunaren alde, esparru ugaritan: legerian, gizartean eta ekonomian. Hala ere, badira gure lurraldean ere, pertsonen duintasunaren kontrako jarrerak. Horrela gertatzen da pertsona hainbat arrazoirengatik diskriminatzen dugunean: jatorria, etnia, kultura, erlijioa, genero identitatea edo sexu orientazioa, ideologia, hizkuntza edo gaitasunak, adibidez.

 “Aniztasunetik eraikiz” proposamenaren bidez, besteak beste, ikastetxeetara heldu nahi izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatu eta InterRed-ek (Gobernuz Kanpoko Erakundea) prestatu eta gidatu du proposamena eta 2018an Gipuzkoako ikastetxe zehatz batzuetan bakarrik garatu da.

“Aniztasunetik eraikiz” proposamena DBH 4ko ikasleekin landu da gure ikastolan. Giza eskubideak oinarritzat hartuta gure inguruko aniztasunera gerturatzea izan da helburua, bertan ematen diren diskriminazio egoerak identifikatu eta horien aurrean begiak itxi beharrean eraldaketarako proposamenak landuz.

Proiektuak hainbat zati izan ditu: hausnarketa, testigantzen lanketa… eta azkenik bideo lehiaketa. Azken honetan lortu du DBH 4ko gure ikasleek egindako bideo batek 2. saria. ZORIONAK DENOI!!!!