Alaitz Badiolari elkarrizketa
Alaitz Badiolak hainbat urte daramatza gure ikastolako kirol arduraduna izaten. Bere ibilbidean asko aldatu da haurren lehiatzeko modua. Lehen eskolartekoak moduan ezagutzen genuena, gaur egun, Eskola Kirola izatera pasatu da. Berak azalduko digu ondoen nola aldatu den.
Zer da eskola kirola?
Eskola orduz kanpo eskaintzen zaien kirol ekintzen antolaketa bat da. Gure kasuan, astean zehar, ikastolan entrenamendu saio ezberdinak eskaintzen dizkiogu haurrei, eta asteburuetan dagokion kirol ekintzan hartzen dute parte, kirol modalitate desberdinak landuz.
Zein dira helburuak?
Kirola tresnatzat hartuta, sozializazioa, talde lana eta talde errespetua lantzea. Kirolaren ezagutza ere bai, noski, baina ez ardatz moduan, baizik eta erreminta bezala, gainontzeko balio garrantzitsuak laboratzeko.
Zein adin arte aritu daitezke ikasleak?
Berez, LH1etik aurrera dago pentsatuta, gure kasuan, ordea, LH2tik LH6ra eskaintzen dugu. LH2n Jolas Hezin hasten dira, eta gero LH3tik aurrera Eskola Kirolean jarraitzen dute herriko beste ikastetxeekin batera.
Zein kirol lantzen dira?
Lehenagotik lantzen ziren saskibaloiaz eta futbolaz gain, orain, herrian ditugun kirol elkarteak oinarri hartuta, honako kirol modalitateak saiatzen gara ezagutarazten: igeriketa, herri kirolak, esku pilota, txirrindularitza, eskubaloia… Aurten skate probatzeko aukera ere izan dute.
Nola eragin du pandemiak, eta zer berreskuratu ahal izango da datorren urtetik aurrera?
Alerta egoeran egon garen momentuetan, bertan behera utzi behar izaten genituen ekintza guztiak, bereziki iazko ikasturtean, beraz, osotasunean eragiten zigun pandemiak. Aurten, kurtso hasieratik hasi ginen martxan, nahiz eta alerta gorrian egon ginen momentuetan, geldirik egon behar izan genuen. Baina ikusita zer egoeratan bizitzen egon garen, uste dut urtea nahiko ondo eman dugula, ia astero burutzeko aukera izan baitugu. Ikasturte amaierara arte, ikastetxeka antolatu izan ditugu ekintzak, beste eskolekin nahastu gabe; neurri batean horregatik genuen aukera saioak burutzeko, orain, ordea, beste ikastetxeekin batzeko aukera dugu. Datorren urtera begira, espero dugu bailara mailako txapelketa bilakatzea berriro ere, Azpeiti, Azkoiti eta Errezil herrien artekoa.
Datorren urtera begira berrikuntza edo aldaketarik ba al da?
Hausnarketa prozesuan gaude, urte honetako ekintzak baloratzen, zer egoera eman diren ikusten, ikasleen iritziak jasotzen, eta horren arabera, datorren ikasturteko ekintzak antolatuko ditugu. Beti egoten dira berrikuntzak, beraz, kirol modalitate berriren bat lortzeko aukera izango bagenu, ongi etorria izango da.