Aniztasun izpiak, hodeien gainetik ere bidea erakutsiz!
2024-04-28Aniztasun Izpiak, Kilometro Txikia eguna arrakasta handiz ospatu zen. Eskertza posible egin zenuten guztioi.
Egun borobila atera zen atzokoa. Gure hiru ardatzak erdigunean —euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza—, egun bete-betea izan zen. Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiezuegu eguna hain eder egitea posible egin zenuten guztioi: Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Berria, Guka, UEMA, Ikastolen Elkartea, gurean izan ditugun beste kulturetako komunitateak, ikastolako komunitatea eta oro har, euskara zubi izanda, parte hartu zenuten guzti-guztioi.
Egun ederra izan zen, eta hodeien artetik ere, ikusi genituen izpiak. Kultur aniztasuna izan zen goizean nagusi, eta elkarrenganako errespetuan, euskara erdigunean jarrita egin behar dugun bidean aurrera egiteko beste harri mordoska jarri dugula uste dugu.
Dislegik eta BERRIAk prestatutako haurrentzako jolasetan, barre izpiak ikusi genituen ezpainetan, eta irribarre handiak ere bai. Kilometroetako eguzkiloredun zapiak lepoan, auzolanean antolatutako bazkaria ere ederra izan zen. Jai giro onean, eta gure eguzkilorearen koloreak nagusi. Ekain Txouk alaitu zuen arratsaldea, eta Krostadarrean egin zuten bat kolore eta forma guztietako izpiek. Skapaie elektrotxarangarekin dantza egin genuen, eta Nize eta Belakoren kontzertuarekin gozatu.
Kultur aniztasuna, aniztasun funtzionala, adin aniztasuna eta aniztasun guztiak kontuan hartuta saiatu ginen eguna antolatzen, eta asebeteta gaude emaitzarekin. Noski, hobetu beharrekoak ere apuntatu ditugu, eta horretan saiatuko gara aurrerantzean. Balorazio oso ona egiten du igaro den egunarena, eta lanean jarraitzeko pozez eta indarrez bete gaitu horrek.
Urriaren 6ean egingo dugun Kilometroen eguna antolatzen ari gara gogotsu, baina aurretik ere baditugu oraindik ekimenak.
Bidean ikusiko dugu elkar. ESKERRIK ASKO