Aniztasuna bultzatzen
2022-02-11Aniztasunetik Eraikiz etikako programaren eskutik izan dute solasaldia DBH 2ko ikasleek. Gipuzkoako 10 herritako ikastetxe banatan jarri da martxan ekimena, 3 urterako.
Aniztasunetik Eraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jarri da martxan aurten. Diskriminazio, aurreiritzi eta estereotipoak ekiditeko asmoa aintzat hartuta, egoera horiek jasan dituzten pertsonen testigantzak jaso, eta ikasleei aurrez aurre kontatzea da programaren helburua. Beraien bizitzan zehar diskriminatuak izan diren 10 pertsona arituko dira beraien bizipenak kontatzen Gipuzkoako 10 ikastetxetan: emigranteak, LGTBI+ pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak eta erlijio musulmanekoak, esaterako. Modu honetan, ikasleen parte-hartzea bultzatu nahi da, aniztasunaz jabetu, eta beraien konpromisoa lortu edozein motatako diskriminazioei aurre egiteko.
Gure kasuan DBH 2ko ikasleek talde dinamikak, jolasak eta pelikula laburra ikusi zituzten hasiera batean, poliki-poliki bazterketa jasan duten hainbat kolektibo identifikatzeko . Ebaluazio horren amaieran, bi testigantza jasotzea zen helburua, eta, beraz, pasa den asteazkenean etorri ziren programa horretako bi kide beraien bizipenak kontatzera: German, transexuala eta Palmira, ijitoa. Bi partaide horiekin batera, moderatzaile bat etorri zen, saioa elkarrizketa modura egitea baitzen asmoa. Oso balorazio positiboa egin zuten bi kideek, baina baita ikasleek beraiek ere.
Germanek bere prozesuan izandako traba legalak (sexu aldaketa, izen aldaketa…) azpimarratu zituen, edota komunera eta kiroldegira joateko izandako arazoak. Palmirak, berriz, bazterketa sentitu izan du, LHn zegoela, esaterako, ez zuen gonbidapenik jasotzen beste ikaskideen urtebetetze ospakizunetara joateko. Ikasle batek bereziki zer egoerak ematen dion mina galdetu zionean, supermerkatura amarekin joaten denean sentitzen duen kontrola dela erantzun zuen, zerbait lapurtuko dutelakoaren ustetan. Zeharo hunkitu zen Palmira ikasle batek ijitoak oso eskuzabalak direla esan zionean.