Aniztasunetik eraikiz, testigantzak gaur ikastolan
2018-10-04Giza eskubideak oinarritzat hartuta gure inguruko aniztasunera gerturatzea helburu duen “Aniztasuna eraikiz” proiektuan, DBH 4ko ikasleak, mutil autista baten amaren eta Azerbaijango musulmandar emakume baten testigantzak entzun ahal izan dituzte gaur.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 70 urte betetzen ditu 2018an. Deklarazio honek pertsona guztien berdintasuna goraipatzen du. Gure mundu modernoan hainbat hobekuntza izan dira pertsona guztien berdintasunaren alde, esparru ugaritan: legerian, gizartean eta ekonomian. Hala ere, badira gure lurraldean ere, pertsonen duintasunaren kontrako jarrerak. Horrela gertatzen da pertsona hainbat arrazoirengatik diskriminatzen dugunean: jatorria, etnia, kultura, erlijioa, genero identitatea edo sexu orientazioa, ideologia, hizkuntza edo gaitasunak, adibidez.
“Aniztasunetik eraikiz” proposamenaren bidez, besteak beste, ikastetxeetara heldu nahi da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatu eta InterRed-ek (Gobernuz Kanpoko Erakundea) prestatu eta gidatuko du proposamena eta 2018an Gipuzkoako ikastetxe zehatz batzuetan bakarrik garatuko da.
“Aniztasunetik eraikiz” proposamena DBH 4ko ikasleekin lantzen ari gara gure ikastolan. Giza eskubideak oinarritzat hartuta gure inguruko aniztasunera gerturatzea da helburua, bertan ematen diren diskriminazio egoerak identifikatu eta horien aurrean begiak itxi beharrean eraldaketarako proposamenak landuz.
Diskriminazio egoera horiek ezagutzeko biderik egokiena, diskriminazio egoera horiek jasaten dituzten pertsonen ahotik entzutea da. Beraz, pertsona horiek dira proposamen honen muina. Beren testigantzak entzun eta beren egoera barneratu ondoren ikasleen konpromisoa bilakatu nahi da, Giza Eskubideekin eta diskriminazio ezarekiko konpromisoa. Errealitatearen behatzaile pasibo izatetik eraldaketaren protagonista izatera gonbidatuko dira.
Proposamenaren barruan gaur izan dira gure ikastolan Aintzane eta Tarana beren testigantza gure ikasleei zabaltzen.
Aintzane Enekoren ama da, eta donostiarrak dira biak. Eneko 12 urteko mutil bikaina da eta autismoa du.
Tarana Karim berriz, Azerbaijandik Tolosaldera bizitzera etorritako emakume musulmana da. 12 urte daramatza jada gure lurraldean bizitzen.