Arnasketa, kolorea eta soinua ipuin bilakatuta

2025-06-05

HH 4 urteko eta HH 5 urteko haurrek esperientzia berezi eta aberasgarria bizi izan zuten “Om…ene” izeneko ipuin tailerrean.

Gure ikastolako guraso den Eneritzen eskutik “Om…ene” izeneko ipuin tailerra arnasketa, kolorea, soinua eta instrumentuak uztartuz garatu zen, haurrei lasaitasuna, sormena eta arreta bideratzeko tresnak eskaintzeko helburuarekin.

Tailerrean zehar, haurrek arreta handiz parte hartu zuten, eta guztiz murgilduta aritu ziren ipuinaren gidaritzapean, eta gustura esperimentatu zuten soinuekin eta koloreekin. Esperientzia honek haurrei heuren emozioak ezagutzeko eta adierazteko aukera eman zien, baita gorputzaren eta arnasketaren bidez erlaxazioa lantzeko ere.

Jarduera hau bat dator gure ikastetxean Kimu proiektuaren bidez garatzen dugun hezkuntza ikuspegiarekin. Jolasa, esplorazioa eta esperimentazioa oinarri hartuta, haurrak bere garapen kognitiboa modu naturalean eta aktiboan gauzatzen du. Izan ere, ikasteko ezinbestekoa da ekintza; eta oraingoan, ekintza horrek ipuin baten magia eta haurren parte-hartze aktiboa uztartu ditu.