Ateak luzatu, berdintasuna zabaldu
2025-09-16
Uda honetan komunetako egokitzapen esku-hartzea burutu da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko solairuan, Hezkidetza taldeak identifikatutako gabeziak arintzeko helburuarekin. Berrikuntzak ikasleen intimitatea eta ongizatea hobeto bermatzea du xede, espazio horien erabilera inklusiboagoa bultzatuz.


Genero bereizketarik egiten ez den komun partekatuetan, ateak luzatu dira erabiltzaileen pribatutasuna indartzeko, eta banakako iturriak jarri dira, higiene eta osasun beharrak asetzeko. Iturri horiek, besteak beste, hilerokoarentzako kopen erabilera errazteko diseinatu dira, ikasle guztien eguneroko beharrei egokitu nahian.
Aldaketak fisikoki “txikiak” izan daitezkeen arren, komun partekatuen erabilerari buruzko gogoeta bultzatu nahi dute: espazio horiek nola diseinatzen diren, norentzat diren eta zer zailtasun dituzten erabiltzaileek, bereziki behar bereziak dituztenek. Hori guztia kontuan hartu da berritze prozesuan, komunitateko hainbat eragileren parte-hartzeari esker.
Hezkidetza ikuspegia ardatz hartuta, ikastolak urrats garrantzitsua eman du espazio inklusiboago eta bidezkoagoak eraikitzeko bidean.