Aurten ere martxan da baratza proiektua

2013-10-21

Esku ahurra mugurdiz beterik eskaini digu Leirek, eta ahoratzera gindoazela “lehenbizi garbitu!” oihu egin digu. Lezioa ongi ikasia dauka. 4 urte ditu, eta baratzean aurrera eta atzera ibiltzea asko gustatzen zaio, ikastolako ume gehienei bezalatsu. Gorka Vesga du hezitzaile, bera da baratzearen arduraduna. Argi dauka baratzeak haurren ikaste-prozesuetan eragin positiboa duela: “Baratzean parte hartzen dutelarik, ingurunea zaintzeko kontzientzia barneratzen dute”. Haur Hezkuntzako ikasleez gain, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek ere laguntzen dute baratzearen osaketan.

Baratzea lantzen orain dela bederatzi urte inguru hasi zirela gogoratu du Vesgak: “Orain arte baratzearen ardura zeramanak hasi zuen proiektua, DBH 4ko teknologiako klaseetan erabiltzeko. Ikastola Agenda 21 egitasmoan sartuta dagoenez, han lantzen diren gaiak baratzean ere jorratzeko erabili izan dira”. Egun, Urtxintxa eta Txanela ikastoletako ikas-materialak dituzte gainera, eta landu beharreko gaiei buruzko ariketak agertzen dira liburuetan. Horiek aitzakiatzat hartuta ikastola kanpora irteten dira baratzean teoria praktikara eramateko. “Adibidez, babarrun magikoaren ipuina irakurri ostean, babarrun bat landatzeko eskatzen duten ariketak egoten dira. Guk jarraibide gisa hartu, eta landatu egiten ditugu”. Horrela osatu zuten ortu barruan dagoen lorategia. Orain seigarren mailan daudenek ondo gogoan dute nola izan zuten ikasgelan hazitegia: “Jogurt potoetan eduki genituen hasieran, pixka bat hazi bitartean, eta gero hemen landatu genituen”. Ariketa horiekin, landareen sailkapena eta ernalketa landu zituzten.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik laugarren mailakoak dira baratzera joan-etorri gehien egiten dituztenak, natur zientziei eta teknologia gaiei lotutako alorrak jorratzeko. Oro har, mantentze lanetan aritzen direla argitu du Vesgak: “Belar txarrak kentzea edota uraren errailea aldatzea izaten da besteak beste haien lana”. Batxilergoa eskaintzen dute Ikasberri Ikastolan, baina hauek ez dute baratzean parte hartzen.

Produktu kimikorik gabeko uzta

Ez dute produktu kimikorik erabiltzen. Lurra ongarritzeko konposta botatzen dute, hau ere ikastolan bertan egina. Vesgak azaldu duenez, konpostak lurra “gozo” mantentzen du, eta horrela haurrei errazagoa zaie manipulatzea. “Aitzurtu beharrik ez dago, eskuekin zulotxoak egin ditzakete eta han sartu hazia edo landarea”. Hurreratu garen egunean, baratzean dauden zuhaitzak udareondoa, gereziondoa, intxusak, kainaberak, eta sagarrondoak dira. Patatak, tomateak, tipulak, kalabazatxoak eta babarrunak ere badituzte; eta horrez guztiaz gain, loreak daude. Dena lau zatitan eta mailatan banatuta dago. Haur Hezkuntzakoei partzela oso bat uzten diete Ikasberrikoek: “Gustura hasten dira ureztatzen baina badakizue nola diren haurrak, gutxi behar izaten dute jolasean aritzeko”.

Guztiak maite dute baratzean aurrera eta atzera ibiltzea, dela ureztatzen, dela landatzen. Seigarren mailakoek lan ugari egiten dute. Baratzeko arduradunak baieztatu digu: “Gogoan dut, Lehen Hezkuntzakoak beren tutoreekin loreak landatzera etorri ziren eguna. Lurra aitzurtzen hasi nintzen ni, eta berehala ikasleak galdezka hasi ziren beraiek zergatik ez ziren ari aitzurrean. Azkenean denek lagundu zuten. Argi dago, beraiei gustatu egiten zaie, aulkitik altxa eta zerbait egiten egotea”. Laguntza eskaini zuten ikasleek eta auzolanean loratu zuten ortua. Horixe du, hain justu, helburuetako bat: elkarlana bultzatzea.

Badu beste kontakizunik Vesgak: ardiek baratzeko itxitura gainditu zutenekoa. Baratzea izorratuko zietela-eta ikasleak “ardiak bidaltzeko eta bidaltzeko” eskatzen aritu zirela gogoan du. “Ikusten da zenbat eta gehiago parte hartu, orduan eta gehiago zaintzen dutela baratzea. Beraiena den zerbait da, hortaz, zaindu egiten dute”. Era horretan, zaborra bertan ez uzten eta ingurua txukun mantentzen saiatzen dira. Hori da lortu nahi duten beste balioetako bat: ingurunea zaintzea. “Kontzientziatu egiten dira nolabait. Ezagutu dezatela natura, fruituak eta barazkiak nondik datozen, baita nola landatzen diren. Ez dezatela pentsatu dena supermerkatuan dagoela”.

Gehienbat udaberrian lantzen dute lurra, eguraldiak orduan laguntzen duelako batik bat, baina baita ikas-materialak horrela bideratzen duelako. Neguko joan-etorri apurrak ikastolako helduenek egiten dituzte. Pasa den neguan ilarrak eta baratxuria sartu zituztela adierazi digute.

Ikasgelatik kanpoko jarduna izaten dute baratzera joatea, eta horregatik ere dute gogoko. “Gelan sartuta egon ordez, alde ederrean gaude hemen” esan digu ikasle batek; besteak gaineratu du “ingelesa ikasten egon baino nahiago hemen, behintzat zikindu egin gaitezke-eta”. Ikasleei lanerako, ikasteko eta laguntzeko gogoa pizten die baratzeak. Vesgak azaldu digunez, ebaluatzeko unean ikasleek agertutako “interesa eta motibazioa” hartzen dituzte kontuan, baina ez da hori garrantzitsuena: “Askoz ere garrantzi handiagoa du, gure ustez, ikasleek ongi pasa izana, elkarlanean aritzen ikasi izana eta horrelakoak”.

Udazken aldera, barazkiak eta fruituak biltzeko unea iristen da. Oro har, irakasleen artean banatzen dute, baina badago ikastolako letxuga probatu duen ikaslerik.