Auzolanaren taupadak ikastolan
2026-04-21
Ikastolako gurasoek berriro ere erakutsi dute komunitatearen indarra Besoa egitasmoaren baitan antolatutako auzolanean. Azken jardunaldian, hainbat familiak bat egin dute ikastolako espazioak berritzeko eta atontzeko helburuarekin, giro atsegin eta lankidetzaz beterikoan.






Konkretuki, oilategiko eta Xarma parke ingurua txukundu eta egokitu dituzte: espazioak garbitu, materialak antolatu eta ingurunea zaindu dute, ikasleentzat gune eroso eta egokiagoak sortuz. Lan horien bidez, ikastolako eremuak ikasleen beharretara moldatzen jarraitzen dugu, eguneroko bizitzarako espazio atsegin eta funtzionalak eskainiz.
Hala ere, egitasmo honen balioa haratago doa. Auzolana ez da soilik lan praktikoa; komunitatea sendotzeko tresna ere bada. Gurasoek, elkarrekin jardunez, harremanak estutu, elkar ezagutu eta hezkuntza proiektuaren parte aktibo sentitzeko aukera izan dute.
Ikastolatik eskerrik beroenak helarazi nahi zaizkie parte hartu duten guztiei. Haien inplikazioa funtsezkoa da ikastola bizirik eta indartsu mantentzeko, eta argi uzten du hezkuntza komunitatea guztion artean eraikitzen dela.