Baratzean hazten, kulturan hezten

2025-09-24

Haur Hezkuntzako 5 urteko ikasleek natura eta kultura eskutik hartuta bizi izan dituzte hainbat bizipen ikasturte hasiera honetan, ingurumenarekiko eta gure ondarearekiko harreman bizi eta esanguratsua eraikiz.

Aurreko ostegunean, Haur Hezkuntzako 5 urteko gelako ikasleek goiz berezia pasa zuten Iturritxiki ludotekan. Irteera horretan, jolasa eta ikaskuntza uztartuz, kaleko ludotekako espazioaz gozatzeko aukera izan zuten, eta hamaiketakoa frontoi txiki ondoko parkean egin zuten. Herriko txokoak eta inguruak ezagutzeko aukera paregabea izan zen, eta ikasleek herriarekin eta komunitatearekin lotura estutzen jarraitu zuten.

Bestalde, irailean zehar, udazkeneko baratzea lantzen aritu dira gelako txikienak. Letxugak, zerbak, azak, azalorea, brokolia eta romanesku azalorea landatu dituzte, eta orain, urrian zehar, baratzea zaintzen eta ureztatzen jarraituko dute. Helburua, azaroan, Gau Beltzaren bueltan uzta jasotzea da. Horren ostean, lurra atseden hartzen utziko dugu, negua pasatzeko prest.

Baina zikloa ez da hor amaitzen: Santa Ageda bezperan, kantuz eta makilen erritmoarekin, lurra esnatuko dugu berriro, eta udaberriari ongietorria emango diogu.

Jarduera hauek guztiak ikasleek ingurumenarekin harreman zuzena izatea ahalbidetzen dute, natura eta bere zikloak bizipenen bidez ulertuz. Aldi berean, gure kulturako ohiturak eta errituak bizirik mantentzen dira, haurrek esperientzia aberasgarriak eta esanguratsuak bizi ditzaten.

Ikastolan, natura eta kultura eskutik doaz.