Bertsoen sustraiak, ikastolaren bihotzean

2025-05-27

Ikastolan euskal kulturaren transmisioa ez da bakarrik ikasgai bat: bizipena da, harremana da, eta, batez ere, gozamenerako bidea. Hori argi eta garbi geratu da Lore proiektuaren barruan antolatutako bertsolaritza ekintzetan, non LH5 eta LH6ko ikasleek bertsoaren bidez sormenari eta euskarari bide emateko aukera izan duten.

Ikasturte amaieran, bizi izan dugun giroak erakutsi du zein garrantzitsua den ahozko tradizioa eta herri kultura haurren egunerokotasunean txertatzea. Bi ekintza nagusirekin borobildu dugu bertsolaritza ikastaroa:

🗣️ LH6ko ikasleak LH4ra bisitan joan ziren, beren bertso trebetasunak erakustera. Haurrek sortutako bertso saioak benetako ikusmina piztu zuen, eta adin txikiagoko ikasleentzat inspirazio iturri izan ziren.

🎤 Bertso saio berezia antolatu zuen Jokin Uranga irakasleak, bertsolaritza ikastaroko gidariak. Saio horretan Beñat Gaztelumendi izan zen gonbidatu berezia, eta berarekin batera, Jokin bera ere aritu zen bertsotan. Gai-jartzaileak, oraingoan, ikasleak izan ziren, euren galderak eta proposamenak aurkeztuz bertsolariei.

Ekitaldiari amaiera hunkigarria eman zion Beñat Gaztelumendik, ikasleei eskainitako bertso batekin, non Ikasberriko giroa eta ikasleen parte-hartzea goraipatu zituen:

“Gaur Azpeitira etorri eta
ze giro eta ze herri!
Arratsaldea goxatu dugu
gure doinu eta neurri
luju bat izan da jasotzea
lehenbizikoz zuen berri
segi bertsotan gozatzen eta
mila esker Ikasberri!”

Euskal kultura eta hizkuntza modu bizian lantzen dira ikastolan, eta Lore proiektuaren bidez, haurrek euren ahotsa aurkitu eta zabaltzeko aukera dute. Bertsolaritza, horren adibide bikaina, transmisioa, sormena eta jolasaren bidez lantzen den altxorra da gurean.

💚 Bertsoz jositako loreak loratzen ikastolan.