Bertsoen doinua Basazabalen

2025-03-11

Gaur, giro aparta bizi izan da Azpeitiko Basazabal jauregian, bertan ospatu baita Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekitaldi honetan, LH 5. eta 6. mailako zein DBH 1. eta 2. mailako ikasleek hartu dute parte, bertso-paperean beren sormena eta trebetasuna erakutsiz.

Ikastolen Elkarteak bertso-paper lehiaketa antolatu du, eta bertsolaritzan trebatutako ikasleek emandako gaien inguruan 2 bertso edo 6 kopla sortzeko erronkari aurre egin diote. Ez da lan erraza izan, baina parte-hartzaile guztiek maila bikaina erakutsi dute, eta horregatik guztiek merezi dute aitortza.

Bestalde, bat-bateko bertso saioaz gozatzeko aukera ere izan dute, ikasleen beraien proposamenetatik abiatuta sortutako bertsoak entzun direlarik . Saio hau entretenigarria eta zirraragarria izan da, eta bertan parte hartu duten guztiek aho batez aitortu dute esperientzia ahaztezina izan dela.

Aipamen berezia egin nahi diogu Unai Arraras gure DBH 1. mailako ikasleari, irabazleen artean egotea lortu baitu. Zorionak Unairi, egindako lan bikainagatik!

Eskerrik beroenak parte hartu duten ikasle guztiei eta txapelketa hau posible egin duten antolatzaile eta irakasleei. Bertsolaritzak gure artean duen indarra eta garrantzia nabarmen geratu da beste behin ere.