Bidaia bat iraganera, jauzi bat uretara

2025-09-29

Ikasturteko lehen txangoan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek natura, historia eta elkarbizitzaren inguruko esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera izan dute Leintz Gatzagan eta Zuhatzako uhartean egindako irteera berezian.

Lehen geldialdia Leintz Gatzagan izan zen. Bertako gatzaren ustiapenari eta herriaren historiari buruzko museoa bisitatu zuten ikasleek, eta Burdin Arotik gaur egunera arteko bilakaera ezagutzeko aukera izan zuten. Gatzaren garrantzia historikoa, ustiapen teknikak eta herriaren garapena sakontasunez landu zituzten.

Ondoren, Landatako lagoetara gerturatu ziren, eta han Zuhatzan egonaldiaren gidari izango zituzten monitoreak ezagutu zituzten. Elkar ezagutzeko jolasak, talde-dinamikak eta naturan murgiltzeko jarduerak burutu zituzten egun horretan, harreman berriak sendotzeko eta talde kohesioa indartzeko helburuz.

Arratsaldean, Zuhatzako uhartera iritsi ziren. Natur gune paregabe honetan, elkarbizitza, laguntasuna eta autonomia lantzeko aukera izan zuten. Gaubela berezia antolatu zen, non ikasleek “Txominen kondaira” entzun zuten eta gaueko iluntasunean, argi gorri artean, kondairaren Eliza bisitatu zuten giro magiko eta zirraragarrian.

Azken egunean, ur jarduerak izan ziren protagonista. Ikasleak hiru taldetan banatuta, arraunean, txalupetan, surfean eta windsurfean parte hartu zuten. Jarduera hauek kirola, ingurune naturala eta talde-lana uztartzeko aukera paregabea eskaini zieten.

Esperientzia honek ikasleen arteko harremanak sendotu, eta autonomia, elkarlana eta ingurumenarekiko errespetua lantzeko espazio aberatsa eskaini du. Egun borobilak izan dira, eta ikasleak pozik eta aho zapore ezin hobearekin itzuli dira etxera.